Trikiti doinuekin girotu zituen Elgoibarko kaleak belaunaldi askotariko emakumez osatutako soinujole eta panderojole talde batek astearte arratsaldean Gure Mauriziak! ekimenean.
Kalegoen Plazatik Herriko Antzokira egin zuten kalejira. Atzoko eguna euritsua izan bazen ere, ibilbidean zehar euriak alde egin zuen eta ez zen aterkirik behar izan.
Kalejira
Maalan geldialdia egin ondoren, Herriko Antzokira abiatu ziren Gure Mauriziak! ospakizunari jarraipena emateko. Maurizia Aldeiturriaga trikitixaren mitoa da eta Elgoibarren ere bertako Maurizien bila ibili dira trikitixaren munduan beste emakume batzuei ireki zieten bidea aitortzeko.
Lau emakume elgoibartar
Lan horrek fruitua eman zuen eta lau emakumeren ondarea berreskuratu eta aitortu zuten Herriko Antzokian: Pantxika Zubizarreta Gurrutxaga (1888-1964), Juliana Esnaola Arakistain (1892-1974), Martzelina Zubizarreta Gurrutxaga (1892-1991) eta Juliana Zubizarreta Gurrutxaga (1910-2006). Emakume hauen ondorengoek jaso zuten aitortza antzokiko eszenatokian.
'Aire!' dokumentala
Ekitaldiak trikitia, kantua eta dantza uztartu zituen, eta horren ostean, Aire!" dokumentalaren emanaldia eskaini zen Herriko Antzokiaren pantailan, emakume soinujoleen eta panderojoleen ekarpena eta ondarea balioan jarriz.
Antolatzaileak
Ekimen hau Elgoibarko Izarrak, Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Dantza eta Musika Eskolak, Ongarri zine-klubak, Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Badihardugu elkarteak antolatu dute elkarlanean.