Baztango Udalak, azaroan egindako osoko bilkuran, bat egin zuen Nafarroan Elikadura Burujabetzaren Aldeko Manifestuarekin. Udalbatzaren gehiengoak manifestuari babesa eman zion, EH Bildu eta Baztango Ezkerraren aldeko 8 botorekin eta Geroa Bai eta Navarra Sumaren kontrako 4ekin.
Baztango Udalak adierazi duenez, “Nafarroako hainbertze elkartek lurrari lotutako eta landa eremuak biziarazteko nekazaritza eredu baten alde egin nahi dute manifestuarekin. Azkeneko urteetako nekazaritza politikak nekazari guttiko eredua ekarri du, lurra zakar erabiliz, landa eremuak hustuz edo biodibertsitatea apalduz… Eta hori guztia diru publikoarekin. Kaparrosoko makrobehitegia horren adibide garbiena da”. Horregatik, “nekazari aunitz ekarriko dituen eredua behar da, landa eremuak bizirik atxikiko dituena eta lurra zainduko duena, baliabide publikoak horretara zuzenduz”.
Baztango Geroa Bai manifestuari atxikimendua adieraztearen kontra agertu sen osoko bilkuran, “manifestuak sektorearen eta bere erregulazioaren ikuspegi mugatua” ematen duelako. Horren harira, bere iritzia emateko asmoz prentsa ohar bat plazaratu zuen ondotik.
Udal taldeak adierazi duenez, “elikadura subiranotasunaren kontzeptuaren garrantzia ahaztu gabe, manifestuan jasotzen diren neurri aunitzek Baztango eta Nafarroako abeltzaintza eta nekazaritza ustiapen gehienengan eragina dute”. Manifestuak “ikuspegi arras mugatua” ematen duela gehitu du, “gai ugaritan, hala nola lurran, uran, trantsizio agroekologikoan, abeltzaintzan, ekoizpenean, banaketan eta elikaduran”. Are gehiago, “eredu agroekologiko erradikal baten aldeko apustu esklusibo eta baztertzaileak Baztango eta Nafarroako familia ustiapenen %90 baino gehiago kanpoan uzten dituela” adierazi dute.
Koalizioaren ustez, “ez da ustiapen hauek zigortzeko eta kaltetzeko unea, konponbideak bilatzeko eta laguntzeko baizik, sektore honek azken urteetan pairatu dituen zailtasunak kontuan izanik eta azken urtean egoerak okerrera egin duela ikusirik”.
DORREA Bertzalde, saio berean, Bazango Udalak Iruritako herriarekin hitzarmen bat sinatzea adostu zuen. Udalbatzak aldeko 10 bozekin eta 2 abstentziorekin onarturiko hitzarmenaren arabera, Baztango Udalak Iruritako Dorrea jauregia Iruritako herriari lagapena baimentzen du, herriak bisita gidatuak egin ahal izateko.
LIZARTZU Baztango herri bazkalekuen inguruko bertze puntu bat ere landu zuten osoko bilkuran. 3 bazkaleku daude gaur egun Baztanen, Erdiz, Belate eta Lizartzun. Erdiz eta Belaten, bi data desberdin daude azienda sartzeko, eta data bakoitzean azienda desberdina.
Lizartzun, aldiz, gaur egun data bakarra dago, maiatzetik martxora bitarte, eta azienda mota desberdinak sartzen dira batean: ardiak, behiak eta zaldiak.
Mendiaren aprobetxamendua eta aziendaren kudeaketa hobe egiteko, Lizartzun, nekazari batzuk azienda urrian sartzea nahi izaten dute, hortaz, Udalbatzak herri-ondasunen aprobetxamendu eta erabileragatik ezarritako eskubideak eta kanonak arautzen dituen ordenantza aldatzea erabaki zuen aldeko 10 bozekin eta 2 abstentziorekin.
Honela, azienda Lizartzun urritik martxora bitartean edukitzeagatik ordaindu beharreko kanonak aldatuko dira. Hemendik aitzinera epe horretan zaldi-behor bakoitzeko 15 euro ordaindu beharko dira; moxal-behoken kasuan 12 euro buruko; behi buru bakoitzarengatik ere 12 euro; migen kasuan, 10 euro buruko; eta ardi bakoitzaren truke euro 1. Baztanen erroldatu gabeko nekazariek 19,97, 14,48, 14,18, 12,5 eta 1,43 euro ordaindu beharko dituzte. Zaldi-behor, moxal-behoka, behi, miga eta ardi bakoitzeko. Orain arte, Lizartzun azienda maiatzetik martxora arte edukitzeagatik hau ordaintzen da: 24,49 euro zaldi-behor buru bakoitzarengatik; 19,62 euro moxal-behoken eta behien kasuan; 14,69 miga bakoitzarengatik; eta 1,96 euro ardiengatik.