Buscar
Cultura

Elkar: mende erdiko ibilbidea euskal kulturaren alde

Elkar Taldeak 50 urte bete ditu aurten; banaketaren arloan Estatu mailako aktore garrantzitsuenetakoa bihurtu da, bere negozioa Euskal Herrian kontzentratzearen aldeko apustua egitearekin jarraituz batera
Mikel Esnal eta Joxe Mari Sors, Elkarrek Adunan duen egoitza berriko beiltegiaren txoko batean.
Mikel Esnal eta Joxe Mari Sors, Elkarrek Adunan duen egoitza berriko beiltegiaren txoko batean.

Elkar taldeak urrezko ezteiak ospatu ditu aurten, literaturaren zein musikaren bitartez euskal kultura zabaltzen mende erdia eman ostean. Argitaletxe izateaz gain, banatzaile eta saltzaile lanetan ere aritu da fundazioa, eta hainbat mugarri ezartzea lortu du bere ibilbidean zehar, zailtasunak zailtasun. Hala ere, atzera begiratu baino, arduradunek nahiago dute etorkizunari begiratu; “historiak oroitzapen bezala balio behar du, non hasi zen eta zer egin zen jakiteko eta espiritu eta filosofia hori mantentzeko”, esan dio egunkari honi Joxe Mari Sorsek, Elkar Fundazioko lehendakariak.

Elkarren sorrera ikuskatzeko 1972an kokatu behar dugu, Baionan. Bertan jaio zen argitaletxea, “zeuden gabeziak ikusita, euskal kulturan ekarpen bat egiteko”, Sorsen esanetan. 20 gizon-emakumeren ideia izan zen; eurak jada idazle eta kantari lanetan bazebiltzan, baina “arazoak zituzten euren produktuak argitaratzeko”. Alternatiba Parisera joatea izanik, Ipar Euskal Herrian zerbait eratzea erabaki, eta hala abiatu zen Elkar. Handik bi urtera, 1974an, beste hainbat kide sartu ziren proiektu hartan, Hego Euskal Herrikoak denak oraingo honetan. “Nolabaiteko nazio egitura eman nahi genion”, aitortu du Sorsek; bera kide berri horietako bat izan zen.

Hasierako urteak ez ziren samurrak izan, frankismoaren azken txanpa baitzen. Kontuan izatea komeni da garai haietan kulturak jasandako zentsura eta euskararekiko debekua; baina, hala ere, Euskal Herrian sumatzen omen zen “askatasun nahi bat”. Beraz, “aztoramendu” garaiak izan ziren, baina baita “ilusionagarriak ere”, Sorsen hitzetan.

Argitaletxeaz gain, hasierako urte haietan bi liburu-denda ere zabaldu zituzten, bata Baionan eta bestea Donostian, argitaratzen zituzten liburuei eta diskoei “ikusgarritasuna eman” eta salmentarako tokia izan zezaten. Baina ez zituzten beraien produktuak soilik euren saltoki propioetan saldu nahi; Euskal Herri osoko liburu-dendek material hori edukitzea gura zuten. Horrexegatik, “garai hartan ohizkoa ez zen pausu bat eman genuen”, dio Sorsek, “enpresa berdinean liburuaren eta musikaren balore kate osoa martxan jartzea”. Halaxe hasi ziren banaketa lanetan.

Urteak aurrera joan ahala, proiektua ere handitzen zihoalarik, fundazio izaera hartzea erabaki zuten. Izan ere, 1996 urtean jada 24 enpresek osatzen baitzuten Elkar taldea; argitaletxeko 40 sortzaileez gain, sei familiak zuten banaketaren eta liburuen jabetza eta “ondasun batzuk ari ziren pilatzen”, aitortu du Sorsek, eta “guk ez genuen kontsideratzen horrek gurea izan behar zuenik”. Hasieratik argi izan zuten Elkarren sortutakoak, nolabait, herriaren eskuetan izan behar zuela; horretarako aldatu zuten euren elkarte egitura, “norbanakoen eskuetan” zeuden akzioak fundazioaren eskuetara pasa zitezen. Hala ere, ez omen dira “ohizko fundazio bat”, arlo komertzialean jorratzen baitute beraien jardun nagusia.

Mende erdiko ibilbide honetan barrena hainbat mugarri lortu dituztela baieztatu du Mikel Esnalek, Elkar Taldeko zuzendari-kudeatzaileak. Horien artean, agian, garrantzitsuena, “hastapenean jomugan zegoen helburua”: alegia, “edozein kulturak beharrezko dituen azpiegitura industrial horiek sortzea”, sormenean, hedapenean eta ikusgarritasunean lagungarri izan dena oso. Guzti hori, “ikuspegi neutral bat” mantenduz, Esnalen esanetan.

Bidean izandako eragozpenak

Neutraltasun horrek, baina, hainbat zailtasun ere ekarri dizkio taldeari. Sorsek gogora ekarri duenez, XX. mende amaieran “Euskal Herriko politika oso konbultsoa” izan zen eta, ideologiak horrenbeste garrantzia hartu zuen garaian, Elkarrek “beti bultzatu du euskal kultura”, baina “gure askatasunetik, zein koloretako jendea den begiratu gabe. Eta hori oso zaila zen, garai hartan ez zen onartzen”, dio Sorsek. Hala ere, “uste dut asmatu genuela” eta “gaur egun errekonozimendua badugula”. Arrazoirik ez zaio falta, ostiral arratsalde honetan jasoko baitu taldeak Gipuzkoako Urrezko Domina, euskararen eta euskal kulturaren alde eginiko lana aintzatetsiz.

Azken urteetan zehar, erronka berri bat sortu zaie, Esnalek aipatu duen legez; digitalizaziora egokitu beharra, hain zuzen ere. Honek “paradigma aldaketa bat ekarri” omen du, bai sormena, bai komertzializazioa, bai irakurketa edota bai kontsumo euskarriak direla ere. Horregatik, azkeneko hamarkadan estrategia ezberdinak garatzen aritu dira, mundu digitalera ongi egokitzea lortzeko. Horrek banaketaren arloan eragin die gehienbat, eta euren lan-arlo hori Euskal Herrian zentralizatzea erabaki dute. Helburu horren urrats nagusia Adunako egoitza berriaren inaugurazioa izan da, aurtengo udaberrian gauzatutakoa; bertan dituzte bulegoak, baita banaketarako biltegi nagusia ere.

Euskarazko kulturaren kontsumoaren egoera

Egun, hala ere, badute kezka nagusi bat Elkar Taldeko arduradunek, euskarazko produktuaren kontsumoari dagokiona. Esnalek 2018an eginiko azterketa bati egin dio erreferentzia, ardura hori argudiatu asmoz; bertan, “Euskal Herriko biztanleen %6ak besterik ez zuela irakurtzen euskaraz” jakinarazi zen eta euskaldunen artean %23ak. Hau da, 150.000 bizilagunek osatutako komunitatea litzateke.

Horrek “muga” nabarmena jartzen omen dio industriaren garapenari eta komunitate hori handitzearen erronka plazaratu du Esnalek, “politika eraginkorra bultzatzea euskaldunak euskal kultur ekoizpenaren kontsumitzaile aktiboagoak izateko”. Baina, zergatik ez dugu euskaldunok horrenbeste kontsumitzen euskaraz? Esnal ez da ausartzen galdera horri erantzuten: “Seguru aski, erantzunak alde asko izango ditu, baina egia da tamalez hori gertatzen dela, inoiz baino kalitate gehiago daukagunean, gainera. Beraz, ez da eskaintza arazo bat”.

Aurten 50 urte betetzearekin mugarria ezarri omen dute eta, Elkar Taldeak eginiko ospakizuna xumea izan omen da, Sorsek dioen legez. Argitaraturiko 8.000 liburu eta ia 2.000 diskoak kontuan hartuta, zaila litzateke guztiekin behar bezala konplitzea. Bestalde, “gaur egun dagoen egoera ekonomikoagatik” eta egindako berrikuntza guztien ondorioz, taldearen egoera propioagatik, “ospakizun handirik egiteko momentua ez dela” jakinarazi du. Detaile gogoangarri gisa, Ikimilikiliklik diskoaren proiektua “errekuperatu” dute; horrez gain, bisitak antolatu dituzte, talde txikietan, beraien egoitza berrira, euren proiektua azaldu ez ezik, hemendik aurrera zer egingo duten azaltzeko.

Izan ere, etorkizuna baita garrantzizkoena, Elkarreko arduradunen esanetan. “Kanposantuak heroiz beteta daude”, dio Sorsek; iragana “gogoratzea ondo dago, baina xumeki gogoratu nahiko nuke hori. Nire ustez, aurrera egitea, proiektu eta estrategia berriak markatzea, euskal kulturari eta gizarte honi gauza gehiago ematea; hori da Elkarren erronka”.

2022-12-17T06:47:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo