Cultura

Elkarrek 50 urte: Banaketaren kontzentrazioak sortutako erronka

Orain hamarkada bat merkatu aldaketa aurreikusi zuten arlo honetan Elkarren
Joxe Mari Sors eta Mikel Esnal, Elkarren Adunako egoitza nagusiko biltegiaren txoko batean

Azken hamarkadan, Elkarren egitekoaren zati oso garrantzitsua bihurtu da banaketa. Digitalizazioak banaketaren sektorean sorturiko “aukera ekonomikoak” kontuan hartu ditu taldeak, Mikel Esnalen, Elkar Taldeko zuzendari-kudeatzailearen, esanetan. Hala, merkatu aukera bat aurreikusi zuten orain hamar urte; Estatuko banaketa independenteak “eraldaketa bat” jasango zuela, alegia, Europa osoan gertatu zen bezala: atomizaziotik, enpresa ugari eta lokalizatuetatik, kontzentraziorantz. Hau da, enpresa gutxi batzuen esku geratuko litzatekeela merkatuaren kudeaketa.

Horren harira, “interneteko salmentaren garaian”, zerbitzuaren eskuragarritasuna eta azkartasuna ezinbestekoak izango zirela ere aurreikusi zuten, banaketaren alorrean erreminta hori ere garrantzizkoa izango zela, eta hori jorratzen aritu dira bete betean.

Azkenik, banaketari eusten dioten azpiegiturak zentralizatzea erabaki zuten; hau da, Euskal Herrira ekartzea. Urte hasieran, urtarrilean, Getafen zeukaten azken biltegia itxi, eta lan karga hori Adunan ireki berri duten egoitzan txertatu dute; urte amaiera honetan, berriz, Valentziako egitura logistikoa itxiko dute, zentralizazio prozesuaren azkeneko ekintza izango delarik. Guzti horrekin, euskal ekonomiaren aldeko apustua egin dute, “kultur industriaren garapenerako beharrezkoak dituen azpiegiturak bermatuz”, baita “bertako lanpostuen etorkizuna eta jasangarritasuna bermatuz” ere, nabarmendu du Esnalek.

17/12/2022