Cultura

Elkarrek ilustrazio eta ipuin lehiaketaren 17. edizioa jarri du martxan

Lehiaketak haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea du helburu
Elkar 17. ilustrazio eta ipuin lehiaketa.
Elkar 17. ilustrazio eta ipuin lehiaketa. / ELKAR

Elkar Fundazioaren Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketak bere ibilbide oparoa jarraitzen du, aurten 17. edizioa ospatuz.

Helburuak argi mantentzen dira: euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta haur eta gazteen sormena piztea. Urtez urte milaka parte-hartzaileren irudimena eta talentua bildu ditugu, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango.

Lehiaketa 4 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, adinaren arabera, hiru kategoria bereiztu dituzte. Gazteenek, HH 4tik LH 4ra, ilustrazio bat egin beharko dute; LH 5 eta DBH 2 artekoek, ilustrazio bat ipuin bilakatuko dute; eta DBH 3 eta 4. mailakoek, azkenik, komikia edo bineta sortu beharko dute.

Edizio honetan, Alaine Agirrek idatzitako Zer jango du oiloak ipuina izango dute haurrek irakurgai eta irudikagai. Aldi berean, Belatz ilustratzailearen lana izango dute oinarri, haien istorio propioak sortzeko. Gazteentzat, berriz, bi erronka aurkezten dira komiki atalaren barruan: Belatzek hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari (botilan bidalitako mezu bat) hasiera berria ematea.

Sariak

Sarien aldetik, Ilustrazioa egiten dutenen artean, maila bakoitzeko (HH4 eta HH5, LH1 eta LH2 eta LH3 eta LH4) lehenengo saria 70 eurotan baloratutako jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela izango da. Bigarren saria berriz, 60 eurotan baloratutako jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela.

Ipuina egiten dutenen artean, maila bakoitzeko (LH5 eta LH6 eta DBH 1 eta DBH 2) eta komikia egiten dutenen artean, lehenengo saria 100 eurotan baloratutako tablet bat, jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txarleta izango da saria. Bigarrena berriz, tablet bat, jolas hezitzaile sorta ederra eta opari txartela (80 euro) izango da.

Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari hauez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dituzte aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak beraien aldizkariko harpidetzarekin eta opari sorpresa batekin sarituko du parte-hartzea.

Informazio gehiago behar izanez gero jo elkar.eus atarira, idatzi lehiaketa@elkar.eus helbidera edo deitu 943 310 301 telefono zenbakira.

Epeak

Lan guztiak aurkezteko azken eguna martxoaren 21a izango da. Horrela, haur eta gazteei parte hartzeko aukera zabaltzen zaie, eta irakurketarekin eta sormenarekin harremanetan jar daitezke.

2025-01-30T21:30:16+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo