Cultura

Elkarrekin izateko aldizkaria

Lehiaketetatik kanpo, gazteen sormen lanak argitaratzeko sortu du gazte talde batek ‘Izanen’ aldizkaria. Bigarren alea sareratu berri, hirugarrena prestatzen ari dira bai eurak, bai proposatutako gaiari jarraiki arte diziplina desberdinetako piezak presta
9 neska gaztek osatzen dute Izanen gazte aldizkariaren lantaldea. / JONE GARTZIA GERRA / IZANEN GAZTE ALDIZKARIA

Hamabost eta hemezortzi urteko bederatzi neska gaztek osatzen dute Izanen Gazte Aldizkariaren lantaldea. Euskal Herriko txoko desberdinetakoak dira Naroa Asensio, Enara Gallastegi, Naia Urtaran, Irati Gallastegi, María Zarrabeitia, Aiora Jauregi, Elaia Aizpurua, Andere Bouza eta Haizene Merino. Azken biek azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak, jaiotzeko arrazoiak eta izatearen beharra.

Urruzuno Literatur Lehiaketak saridunei eskaintzen dien egonaldian ezagutu zuten elkar bederatziek; bertan jabetu ziren txapelketetatik kanpo gazteek ez dutela euren artea plazaratzeko espaziorik. Hori bera da egitasmoarekin hautsi nahi duten horma: kultura eta artea sustatu, gazteei gustatzen zaiena egiteko plaza bat emanez. “Gazteentzako espazio seguru bat izatea nahi dugu”, azpimarratu du Andere Bouzak.

Lehiakortasunari itzuri egin eta gazteek arte diziplina guztietako lanak plazaratzeko gunea da Izanen. Izan ere, aldizkari digitala izanik, mota guztietako lanak jaso ditzakete, izan kantak, dantza piezak, marrazkiak, komikiak, prosa, bertsoak… Kasurako, lehen zenbakian bideo bat eta eskuz egindako bitxi batzuk argitaratu zituzten.

Hasieran ez zegoen ezer zehaztu zuten lehen aldizkarirako lanak osatzeko gai bezala, Poxpolo bat piztean bigarrenerako. Proposatutako gaiekin sentsazioak iradoki nahi dituzte, nahi duen orok haria hartu eta hortik tiraka gustuko duen pieza sor dezan. Taldean erabakitzen dute zenbaki bakoitza ardaztuko duen esaldia edo hitza, eta jarritako epemugaren barruan jasotzen dituzten lan gehienak publikatzen ahalegintzen dira, zuzenketa lan txiki ba-tzuk egin ostean.

Aldizkaria lehiarik gabeko espazio seguru bat izatea nahi dute, eta edonork parte hartzeko aukera izatea. Horregatik, bihotzeko mina eman zien lehen zenbakian lan batzuk kanpoan utzi behar izateak. Penaz azaldu du Haizene Merinok: “Ez genuen hainbeste lanik jasotzea espero, ez geunden prestatuta eta aukeraketa bat egin behar izan genuen”.

Hala ere, parte hartzaile guztiak animatzen dituzte hurrengo zenbakirako beste lan bat bidaltzera. “Aukeraketa bat egin behar dugu, baina horrek ez du esan nahi lan bat ez denik ona”, argitu du Merinok. Ez dute inork lanen bat bidaltzeko ikararik izatea nahi, proiektuaren atzean daudenak ere gazte arruntak direla gogorarazi dute eta edozein zalantzaren aurrean beldurrik gabe harremanetan jartzera animatu dute parte hartu nahi duen oro.

Jaiotze arrakastatsua

Taldekideek hunkituta adierazi dute ez zutela inondik inora jaso duten gisako berotasunik espero. Egitasmoa kaleratu zutenean, zalantza zuten proposamen bakar bat jasoko ote zuten, baina ehundik gora iritsi zitzaizkien postontzira. “Gauza pila bat jasotzen ditugu eta denak gustatzen zaizkigu, benetan oso gauza ederrak jaso ditugu”, xehatu du Bouzak. “Oso ondo pasa-tzen dugu testuak irakurtzen eta zuzentzen, gustu handia hartzen dugu!”, gaineratu du Merinok.

Aldizkaria martxan jarri zutenetik, konturatu dira sortzeko grina duten gazte asko daudela Euskal Herrian, baina ez dutela horretarako espazio segururik aurkitzen. “Guk segurtasun hori bermatu nahi diegu”, berretsi du Bouzak. Merinoren ustez, hasierako arrakastaren arrazoia da argi utzi dutela edonork egin eta publikatu dezakeela artea: “Ez duzu zertan Arte Ederretan edo Kazetari-tzan graduatua izan behar, izan zaitezke gazte arrunt bat, egun batean metroan pentsamendu bat izan duena eta idaztea erabaki duena”.

Izanen definitzeko hitz bat hautatu beharko balitz, “askea” izango li-tzateke, ezbairik gabe. Zentzu guztietan da askea: ez du luzera mugarik, edozein diziplinako lanak bidali daitezke… “Gazte” hitza ere zen-tzu zabalean hartzen dute, “bere espektro zabalean”.

“Inoiz sortzaile sentitu den gazte horri” zuzentzen zaie aldizkariaren webguneko atarian. Sortzera animatu nahi dituzte gazteak, denak bikain eta akatsik egon behar duen presiotik askatzen lagundu eta taldean sortzeko eta publikatzeko aukera eman. Sare sozialak erabiltzen dituzte proiektuaren berri emateko, eta web ataria ere badute: izanengaztealdizkaria.eus.

Hasiera baino ez

Taldean ardurak banatu eta ahal duten moduan betetzen dituzte zenbaki bakoitza osatzeko lan guztiak: testuak zuzentzea, maketazio lanak, ilustrazioak, sare sozialak, komunikabideekin harremanetan egon, parte-hartzaileen mezuak erantzun… Gazteak dira eta ikasketekin oso lanpetuta daude, baina ilusio eta gogo biziz ari dira proiektua aurrera eramaten.

“Hau hasiera baino ez da”, argi utzi du Haizene Merinok, jaso duten erantzuna eskertzearekin batera. Izan ere, hainbat komunikabidetatik hots egin diete, eta dagoeneko zenbait ekitalditan parte hartzeko proposamenak ere jaso dituzte. Momentuz, ezin jakin zer ibilbide beteko duen egitasmoak, baina argi dagoena da izan badela eta bizi-bizirik dagoela Izanen.

Etiquetas
14/03/2025