Buscar
Actualidad

Emakume ijitoak: aldaketaren eragileak

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politika Sailak berriki baloratu duenez, emakume ijitoak dira gaur egun aldaketaren eragile; EAEko hiru lurraldeetako ijitoen erakundeek elkarrekin garatu dute Roma programa. | ARGAZKIA: JOSÉ MA
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politika Sailak berriki baloratu duenez, emakume ijitoak dira gaur egun aldaketaren eragile; EAEko hiru lurraldeetako ijitoen erakundeek elkarrekin garatu dute Roma programa. | ARGAZKIA: JOSÉ MA

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, baina baita gizarte berean elkarrekin bizi diren kulturen artekoa ere. 13 eta 18 urte bitarteko ijito-gazteen autonomia pertsonala sustatzeko helburuarekin, berdintasunaren, adimen emozionalaren, osasunaren, enpleguaren edo teknologia berrien arloko ezagutzak eta trebetasunak eskuratuz, Bideratu Roma programa sortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ijito-erakundeek, Beatriz Artolazabal sailburuak zuzendutako Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailak jakitera eman duenez.

Berriki, Gasteizen, Ijito Gazteen Seigarren Topaketa Irekia izeneko jardunaldia ospatu da. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu zuen, Beatriz Artolazabal sailburuak ordezkatuta, besteak beste. Aurkezpenean jakinarazi zutenez, proiektu hau Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako ijito entitateek batera garatu dute eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren laguntza du. Bideratu Romaren helburu nagusia ijitoen autonomia pertsonala sustatzea da (13 eta 18 urte bitartekoa, zehazki), hainbat adarretan (berdintasuna edo osasuna, besteak beste) ezagutzak eskuratuz. Izan ere, helburu hori lortzeko, garatzen den jarduera bakoitzean, programak zeharkako ikuspegi bat integratzen du, ijitoen parte-hartzea ikuspegi feministatik sustatzen duena. Hala, AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearen funtsezko zutabeetako bat da emakumeen jabekuntza indibiduala, kolektiboa eta politikoa, indarkeria matxistei aurrea hartzeko eta sentsibilizatzeko jardueren bidez.

Proiektu horrek garrantzia hartzen du biztanleria horretan, emakume ijitoek jasaten duten diskriminazioagatik, “gutxiengo etniko bateko kide izateagatik, zeinari buruz gizarte-aurreiritzi asko baitaude”, adierazi zuen sailburuak. Horregatik, eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko, 2022-2026 Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiak Giza Eskubideen aldeko ikuspegi esplizitua hartzen du, eta, horretarako, Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren printzipioa barneratzen du, sailburuak berak gogorarazi zuenez. Zehazki, hiru ardatz estrategikoren inguruan egituratzen da ekintza-plan hori: errespetua, gizarte-sustapena eta onarpena. Hura aurtengo martxoaren 21ean aurkeztu zen, jendaurrean, Arrazagatiko Bazterketa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean bertan. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, dokumentu horrek, “aurreko bi estrategiekin jarraitzen du eta haiek zabaltzen ditu; horretarako, erakundeek eta ijitoen entitateek bi hamarkadotan Eusko Jaurlaritzak eremu horretan izandako esperientziaren eta dituen politika esplizituen eta positiboen inguruan ikasitako guztia jasotzen du”.

Artolazabalek azaldu zuenez, “emakume ijitoek bazterkeria anitza jasaten dute, gizarte patriarkal bateko emakume izateagatik eta gizarte-aurreiritzi ugari jasaten dituen gutxiengo etniko batekoak izateagatik”. Hori dela eta, sailburuak nabarmendu zuen zer garrantzitsuak diren AMUGEk abian jarri duen Maskulinitate alternatiboak ijitoen komunitatean programa aitzindaria edo emakume ijito nagusien prestakuntza eta topaketa sustatzeko ekimenak. Horiek guztiak “funtsezkoak dira ijitoen herriaren beraren barrutik aldaketaren eragile gisa”, esan du, bizitzen eta sustatzen ari diren “eraldaketagatik” eta neska ijito gazteagoei uzten ari zatzaizkieten “ondareagatik”.

Estrategia

Ijitoen Herriarekiko Euskal Estrategia, Euskal Autonomia Erkidegoan Ijitoen Herriaren sustapen integralerako eta gizarte-partaidetzarako Kontseiluarekin “elkarlan zuzenean” prestatu da, eta haren helburu nagusia da “emakume eta gizon ijitoek ijito izate hutsagatik jasan izan duten eta jasaten duten bazterkeria historikoa eta egiturazkoa atzean uztea”. Izan ere, Antigitanismoa Europako Batzordeak identifikatu eta aitortzen du, eta ijito askori eragozten die haien funtsezko eskubideak erabat eta eraginkortasunez baliatzea; gainera, indarkeriaren, gorroto-diskurtsoaren eta estigmatizazioaren bidez adierazten da. Hori dela eta, Europako eta Estatuko beste gidalerro batzuekin bat etorriz, estrategia horren xedea da Antigitanismoaren aurkako etorkizuneko EAEko Itun Sozialaren oinarriak finkatzeko jarraitu beharreko ekintza-ildoak ezartzea; itun horren bitartez, Artolazabalek nabarmendu duenez, “ijitoen gizarte-ongizatea eta partaidetza EAEko gainerako herritarren gizarte-ongizatearen eta partaidetzaren parean jarri nahi ditugu”, ondorioztatu zuenez.

2022-12-28T07:11:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo