Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen duen Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokaren bigarren jardunaldia Elkargunearen Herriko Plazan ospatuko da gaur. Mariasun Landa izan zen atzoko protagonista nagusia. Idazle errenteriarrak antolatzaileen aitortza jaso zuen haur literaturan munduan egindako lanagatik. Arantza Urretabizkaiak, iaz aitor-tza bera jaso zuen idazleak, hartu zuen omenaldia aurkezteko ardura. Omenaldia jaso eta gero, Mariasun Landak berak hartu zuen hi-tza aurkezle gisa lan egiteko. Iaz Literatura Nobel saria jaso zuen Annie Ernauxi buruzko hitzaldi bat eskaini zuen, publikoari azalduz idazle frantziar honen obra eta bizitza. Aurreneko jardunaldiaren egitaraua umeentzako ipuin kontaketa eta collage tailer batekin bukatu zen.
Bigarren jardunaldia
Gaurko jardunaldiaren egitaraua goiz hasiko da. Miren Egiguren, Petare liburuko protagonista, elkarrizketatuko du Leire Ibargurenek 10.00etan. Ingurumenak hartuko du lekukoa 11.00etan, Aiora Zabala Aizpuruk idatzitako Natura gure esku lanaren aurkezpenarekin. 12.00etan Erika Lagoma eta Estitxu Fernandezen M ama eme ume liburuari lotutako hitzaldiaren txanda izango da.
Bazkaltzeko etenaldi baten ondoren, azoka berriro jarriko da martxan. 17.00etan, gazte literaturari buruzko mahai-inguru bat egingo da Jasone Osoro eta Alaine Agirrerekin. Xabier Mendigurenek moderatuko du topaketa. Bidaien munduak ere bere lekua izango du azokan. Maite Lopez Las Heras azkoitiarrak bere azken lana, Ibilbidea, aurkeztuko du 18.00etan. Azokaren azken txanpa 19. 00etan helduko da. Emakumeek idatzitako testuak irakurriko dituzte hogei pertsona desberdinek, eta, ondoren, lunch bat egingo da.