Cultura

“Emakumea zelako ez da Romualda Zuloaga ezagutzen”

Romualda Zuloaga pandero jotzailearen biografia ondu du Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak. Zuloaga historiaren lehen lerrora eraman nahi izan du
Gontzal Carrasco historialari eta trikitilaria.
Gontzal Carrasco historialari eta trikitilaria. / Ane Maruri

Narruzko uztai txindaduna eskutan bazterrak hartuta astintzen zituen pandero jotzailea izan zen Romualda Zuloaga (1913-1971, Galdakao, Bizkaia). Gontzal Carrasco trikitilari eta historialariak dio Zuloagaren moduko gutxi ikusten ziren garaian “nahi barik” bidea egin zuela, eta hori jaso du Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra liburuan.

Nor zen Romualda Zuloaga?

Romualda Galdakaoko pandero jo-tzaile bat izan zen, feminismoa zer zen jakin barik bere sasoian feminista izan zena. Emakumeak plazan ikusten ez ziren garaian panderoa eskuetan hartu eta plazara beldurrik edo inolako konplexu barik atera-tzen zen pandero jotzailea izan zen, aitzindaria.

Baina, historian bigarren maila batean egon da orain arte.

Galdakaon baten batzuek ezagutzen zuten, baina azken urteetan berari eta bere lanari buruzko ekitaldiak egiten hasi dira, nor zen ezagutaraziz. Galdakaon, esaterako, plaza bat eskaini zioten, eta, geroztik, ekitaldi gehiago egin dituzte. Horiek guztiak batzen dituen dokumentu historikoa da liburua, Romualdaren historia idatzita gordetzen duena.

Plaza gizonena zen garaian ondo pasatzera ateratzen zen bera.

“Ni ondo pasatzera etorri naiz”. Esaldi hori esaten zuen beti. Gizonez inguratuta zegoen arren, ez zuen konplexurik edota beldurrik senti-tzen plazara panderoa jotzera ateratzeko. Beste barik, jendeari erakutsi nahi zion nola jotzen zuen.

Eta, onenetarikoa omen zen.

Romualdak estilo propioa zeukan, panderoa jotzerakoan edo koplak abesterakoan. Kopla herrikoiak kantatzen zituen, baina bere ukitua ematen zien. Panderoa ere oso ondo jotzen zuen, eta argazki bat dago horren erakusgarri. Bere senar Jose Ojanguren Romualdari begira ageri da, nola jotzen zuen aztertzen, kosta egiten baitzitzaion hari jarraitzea.

Pandero jotzaile modura ekarpena egiteaz gain, munduan ere euskal kultura zabaldu zuen Zuloagak.

Romualda atzerrira joan zen panderoa jotzera: Gales, Paris, Ingalaterra... bisitatu zituen, eta folk txapelketetan ere sariak lortu. Sekulakoa da 1960. hamarkadan egin zuena, momentu horretan, euskal kultura oso zapalduta zegoenean. Etxean hori erakustea arriskutsua zen, Franco agintean zegoelako, baina kanpora joan zen euskal kultura zabaltzera.

Esanguratsua da hori guztia egin arren bera historiako lehen lerroan ez egotea. 

Esanguratsua da, baina emakumea zelako ez da ezagutzen Romualda Zuloaga. Gainera, betikoa gertatu da: Maurizia Aldeiturriaga mitotzat jo dugu, eta emakume denak Maurizia direla pentsatu dugu. Baina ez. Harez gain, beste pila bat andra pandero jotzaile egon ziren, bera bestekoak. Romualda bera ere plazandrea izan zen, eta Romualda ahaztuta egon den arren, are gehiago dira ezezagunagoak direnak.

Bere biografia josi duzu, merezi duen lehen lerrora ekartzeko?

Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkargu bat izan da hau. Elkarteak urtero biografia liburu bat argiratatzen du, Soinuaren liburutegia bilduman. 17.a izan da Romualda, baina bildumako lehen emakumea. Elkartean emakumeei ere euren lekua eskaini behar zitzaiela uste genuen, eta elkarlanean egin dugu.

Trikitilaria eta historialaria izanda, berezia izan da zure bi pasioak liburu batean biltzea?

Nik trikitixa jotzen dut, eta Romualdaren modura, niri ere euskal kultura asko gustatzen zait. Baina ni ikerlaria naiz, eta trikitiari buruzko ikerketak egiten ditut. Bi munduak lotzea itzela izan da. Gainera, emakume bati buruz ikertzea are hobea izan da, nik genero ikuspegitik ere ikertzen dudalako. Pasio handiz egin dut.

Pasioz eraiki duzu, baina iturri dokumentalak biltzea zaila izan da?

Historialariok beti kontsultatzen ditugu iturri idatziak, baina kasu honetan ez da askorik egon, aipamenen bat edo; berarekin jotzen zuten gizonezkoen izenak bilatu behar izan ditut hari buruzko datuak lortzeko, Txilibrin, esaterako. Argazkiren bat ere aurkitu dut, baina, iturri idatzietara jo nuen arren, argi neukan iturri pertsonaletatik jasotako testigantzak izango zirela liburuaren corpusaren oinarria. Iturri idatziak osagarri modura jokatu dute.

Zeintzuk kontsultatu dituzu?

Txilibinen semea, Romualdaren alaba Belen, Belenen alaba Desi, eta Galdakaoko Itziar Isasi, Romualdarekin dantza taldean ibilitakoa. Romualdaren alabaren testigantza oinarrizkoa izan da. Berak perspektiba oso pertsonala eskaini dit, fidelena. Iruditzen zait biografia liburu batean esperientzia pertsonal hori txertatzea oso aberasgarria dela, eta are gehiago bere alabaren eskutik badator.

‘Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra’ izena jarri diozu lanari, zergatik?

Panderoa, panderoa jotzen zuelako. Bidaia, Romualdak sekulako ekarpena egin ziolako euskal kulturari eta haren transmisioari, baina baita oso ondo jakin zuelako kultura hori nazioartean zabaltzen. Hilezkorra, berriz, gazte hil zelako eta ahaztuta egon arren, haren eragina gaur egun ere nabari delako. Esaterako, Galdakaoko dantza taldeak egiten dituen jota pausoak berak erakutsitakoak dira, XX. mende hasierakoak. Hilezkorra hitzak Romualdaren izaerari ere egiten dio erreferentzia, parrandarako prest zegoelako beti.

Liburuaz gain, diskoa ere kaleratu duzue haren lanekin, zazpi abestikoa.

Ez dugu zailtasunik izan bere zazpi abesti bakarrik daudelako. Berak argitaratu zuen panderoa eta alboka batera grabatutako lehen diskoa, sei abestikoa, eta horiek sartu ditugu. Horrez gain, bera hil zen urtean argitaratutako disko bateko kanta bat ere gehitu dugu.

2025-03-25T17:28:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo