Araba

Emakumeen sormena eta ekimena sustatzen

Emakumezkoen ekimena bultzatzen duen 'Soir.ee mademoiselle Basque' lehiaketa aurkeztu da; hamar emakume ekintzaile eta beste hamar emakume artista ikusteko aukera izango da

Emakumeentzako eta emakumeentzat lehiaketa berria. Soir.ee Mademoiselle Basque gaur aurkeztu dute eta emakumeen sormena eta ekimena sustatzea du helburu. Garapen Iraunkorreko Helburuak artearen eta teknologiaren bidez ere ikusgai jarri nahi ditu.

Hain zuzen, helburu horiek betetzeko, Soir.ee Mademoiselle Basquek lehiaketa bat sortu du, emakume ekintzaileak eta emakume artista berriak ikusaraztea helburu duena, ekintzailetzaren eta artearen arteko sinergia sortuz. Era berean, gizartearen garapen iraunkorrean laguntzen ari diren emakumeak ere nabarmentzen dira.

Proiektua HOUSE OF SOIREEk garatu du, zeina Deustuko Unibertsitateko enpresak sortzeko zentroan (DeustoKabi) baitago eta Belgikan jaio baitzen 2017an, Europako Batzordearen laguntzarekin. Hona hemen babesleak: Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia, Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta BBK Fundazioa; laguntzaileak: Deustuko Unibertsitatea eta Bilboko Arte Ederren Museoa.

Arabako Foru Aldundiak gaur zehaztu duenez, lehiaketak hiru fase ditu. Lehenik eta behin, 20 emakume irabazle, hamar artista eta hamar ekintzaile aukeratuko dira. Bigarrenik, emakume ekintzaile baten eta artista baten arteko bilera egingo da. Horren helburua da arte-lan bat sortzea, ekintzaileak proposatutako ekimenaren arabera. Azkenik, emakume artista eta ekintzaileen azken lana erakutsiko duen erakusketa egingo da. Azpimarratu behar da erakusketa honek lehiaketaren hogei irabazleak bilduko dituela eta haiek ezagutzeko aukera emango duela.

Deialdia zabalik dago garapen jasangarrirako helburuen barruan ideia edo proiektu berri bat garatu edo beren proiektu eta lan artistikoak ikusarazi nahi dituzten Euskadiko emakume ekintzaile eta artista guztientzat. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaituko da, eta erakusketa 2023ko irailean inauguratuko da. Parte hartzeko moduari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo https://basque.soir.ee/ web orrira.

15/02/2023