Gaur egun emakumeen segurtasuna, batez ere gauez, garrantzi nabarmenekoa da. Erakunde ezberdinak mota ugariko neurriak ezartzen hari dira gutxinaka-gutxinaka emakumeen segurtasuna ziurtaratzeko. Horren ondorioz, Bizkaibus eta Bilbobus, emakumeen eskaerei entzuten kanpainia berri bat jarri dute martxan, gaueko geldialdi-zerbitzuaren berri emateko.
Neurria 22:30etik hurrengo eguneko 06:30era arte dago martxan, Bilbobusen eta Bizkaibusen linea guztietan, eta, haren bidez, emakume erabiltzaileei segurtasun-mezu bat helarazi nahi zaie gaueko joan-etorrietarako.
Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak eta Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gaur aurkeztu dute ekimen hau; batera garatuko dute, batez ere, Bizkaibusen eta Bilbobusen autobusetan eta markesinetan, azalpen-kartel eta -liburuxken bidez.
“Jazarpenaren aurkako geldialdiak” izenarekin ere ezagunek 2018. urtetik funtzionatzen dute Bizkaibusen zein Bilbobusen, eta Bilbo da Europako hirien artean martxan jartzen hasi zen lehenengoetako bat.
Bizkaibus, berriz, Espainian hiriarteko autobusaren lehen garraiobidea izan zen bitarteko geldialdiak aktibatu zituena; hori Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako berdintasun-politiken esparruaren barruan gertatu zen.
"Helburua zen eta oraindik ere bada gaueko orduetan aisialdiagatik edo lanarengatik leku batetik beste batera joan behar duen edozein emakume ahalik eta lasaitasun eta segurtasun handienarekin helmugara irits dadin laguntzea", Gómez Viar garraioen arloko titularrak gogorarazi duenez.
Ekimena abiarazi zenetik pasa den maiatzaren 1era arte, 1.499 bitarteko geldialdi eskatu dira, guztira, Bizkaibusen. Haien % 56 goizeko lehen orduetan eskatu ziren, goizaldeko 5:00etatik 6: 30era bitartean.
"Ematen du etxera gauez itzultzen diren emakumeak direla zerbitzua gehien eskatzen dutenak. Baina, azken urteetako datuak eskuan ditugula, argi dago ezetz; izan ere, batez ere beren lantokira doazen emakumeak dira gehienetan autobusa ibilbidearen erdiko leku batean gelditzeko eskatzen dutenak. Abuztua eskaera gutxien erregistratzen dituen hila izateak berresten ditu datu horiek", garraioen diputatu bizkaitarraren aburuz.
Areago, datuok beste egitate batek ere berresten ditu, garraioen diputatu bizkaitarraren iritziz, zehazki: alde handiz eskaera gehien jaso dituen autobus-linea A3136 da, hots, Bilboko metropoli osoa hartzen duena –Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi udalerriak–; eskaerak, guztira, 987 dira. Jarraian, A3622 Bilbo-Basauri-Astunduaga-San Miguel-Zaratamo (103 eskaera guztira) eta A3932 Galdakao-Metro Bolueta (71).
Gómez Viarrek nabarmendu duenez, "zenbakizko datuetatik harago, positiboki baloratzen dute zerbitzua inolako gorabeherarik gabe funtzionatzen ari dela, eta emakume asko seguruago sentitzen direla etxera itzultzean edo lantokietara joatean".
Bestalde, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotziak gogorarazi du 2022an, eta orain arte, 40 aldiz erabili dela zerbitzua Bilbobusen, martxan jarri zenetik, 615 aldiz, eta ia esklusiboki Gautxoriko zerbitzu berezietan; zerbitzuok asteburuetan daude funtzionamenduan, ostiral gauetik larunbateko goizaldeko ordu biak arte, eta larunbateko gauetik igandera, gau osoan.
Haren esanetan, "eskaeraren araberako geldialdiek emakumeen segurtasuna indartzen dute; izan ere, hirian zehar oinez egin behar duten ibilbidea laburtzen dute eta helmugara iristeko denbora murrizten". Kanpaina honen bidez —autobus, markesina eta sare sozialetan zabalduko da—, “zerbitzua ezagutarazi nahi dugu, eta zabalkunde handiagoa eman, emakume gehiago jakin dezaten Bilbobus bezalako garraio publiko bat dutela leku batetik bestera lasaiago joateko".
ESKAERAREN ARABERAKO GELDIADIAK EMAKUMEENTZAT
Hala Bilbobusek eta Bizkaibusek lagun egingo diete gauez bakarrik mugitzen diren emakumeei beren helmugatik hurbilen dagoen lekuraino. Zerbitzua erabili ahal izateko, emakumeek autobusaren aurrealdetik igo beharko dute, eta gidariari behar besteko denborarekin jakinarazi non jaitsi nahi duten, betiere geratzeko lekua linearen ibilbidearen barruan badago. Une horretan erabakiko du gidariak eskatutako lekuak bide-segurtasuneko baldintzak betetzen dituen autobusa gelditzeko. Bestela, ahalik eta tokirik hurbilean geratuko du ibilgailua, eta emakumea aurreko atetik irtengo da beti.