Emakumearen kirolaren aldeko apustu irmoaren adierazle bat da Arizmendi ikastolak bultzatzen duen Gabonetako futbol txapelketa. Aurtengoa hamazazpigarren edizioa izango da eta, ohi bezala, Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian jokatuko dira norgehiagokak.
Abenduaren 29an hiru maila arituko dira: alebina, infantila eta kadetea. “Labur esanda, 400 neska, 24 talde eta 78 partida jokatuko dira”, adierazi zuen aurkezpenean Arizmendi Kirol Elkarteko arduradun den Urtzi Amianok. Lehenengo jardunaldi honetan bailarako talde guztiek parte hartuko dute, eta horiekin batera, Debagoienetik kanpo etorritakoak ere: Goierri Gorri, Tolosa, Lagun Onak eta Anaitasuna, besteak beste.
Hurrengo egunean, hilaren 30ean, senior mailako triangularra jokatuko da, 10.30ean hasita. Debagoieneko selekzioak, Realak eta Atletico Lincek (Valladolid) neurtuko dituzte indarrak. “Reala hirugarren taldearekin dator. Infantil eta alebin mailetan, aldiz, teknifikazio taldeetako jokalari gipuzkoarrek parte hartuko dute, horrelako txapelketetan Realaren elastikoarekin jokatzeko aukera ematen zaielako”, aurreratu zuen Realeko Emakumezkoen futbol arduradunak, Garbiñe Etxeberriak.