Gipuzkoa

Emakumezkoen kirola sustatuko du Astigarragak

Bihartik aurrera eta hilabete batez hainbat ekitaldi antolatu dira, guztiak doakoak
Olatz Alkorta piraguista erdian, ekimenaren hainbat antolatzailerekin batera. | ARGAZKIA: N.G.

Bigarren urtez, Astigarragako Udalak sustatuta herriko hainbat eragilerekin batera, Emakumeak eta kirola kanpaina burutuko da irailean zehar, konkretuki bihartik urriaren 2ra arte. Egitasmoaren helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, kirola eta kirolariei ikusgarritasuna emanez.

Proiektuaren barruan jarduera mota ugari eskainiko dira, guztiak doan: dokumentalen proiekzioak, hitzaldiak, emakumeei zuzendutako kirol jarduerak, ikastaroak, emakumeen kirol txapelketak...

Esan bezala, kanpainako lehen jarduera irailaren 8an, goizean, hasiko da, adineko emakumezkoei bideratutako orientazio jarduera batekin. Izen-ematea Galtzaur jubilatuen elkartean eman behar da.

Lehenengo egunean ere, baina arratsaldean, 18.00etatik 20.00etara, Erribera kulturgunean, emakumeentzat skate ikastaroa eskainiko da. Saioak ordu erdiko zati teorikoa izango du eta ondoren ordu eta erdiko praktika. Antolatzaileek norberak bere materiala eramatea gomendatu dute. Izen-ematea Emakumeon Etxean egin behar da.

Egitarauan jasotako hurrengo kirol ekintzak irailaren 15ean eta 16an burutuko diren aquafit ikastaroak dira, helduentzat eta nerabeentzat hurrenez hurren. Bi saioak 17.00etatik 19.00etara izango dira udal igerilekuan, baina helduek izen-ematea kiroldegian egin behar duten bitartean, gazteek gaztelekuan apuntatuko dira.

Egun berean, hilaren 16an, 18.00etan Erribera kulturgunean, Hijas de Cynisca (El deporte femenino habla por la igualdad) dokumentala proiektatuko da gazteleraz.

Irailaren 18an kiroldegian, goiz eta arratsaldez, nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa jokatuko da. Eskualdeko sei talde arituko dira leihan.

Hurrengo ekitaldia, Leire Olaberriaren hitzaldia izango da, amatasunari eta kirolari buruzkoa. Solasaldia hilaren 21ean Erribera kulturgunean eskainiko du 18.00etatik aurrera.

Aurtengo saio azpimagarri bat hilaren 23an Olatz Alkortarekin batera egingo den piraguan paseoa izango da, Urumea ibaian. Ibilbidea Martutene-Astigarraga-Martutene izango da eta parte-hartzaileak 15.30ean elkartuko dira Joseba Barandiaran plazan denak elkarrekin bizikletaz irteera puntura joateko. Nahi duenak ere zuzenean 16.00etan bertaratu daiteke Martuteneko Donostia Kayak elkarteko egoitzara. Ekimen honetan parte hartzeko ezinbestekoa da igeri egiten jakitea eta 2007an edo lehenago jaio izatea.

Hurrengo ekitaldiak irailaren 24 eta 25ean burutuko dira Txomiñenea pilotalekuan. Lehenengo egunean pala txapelketako finalerdiak jokatuko dira Mundarrok antolatuta eta hurrengo egunean pilota jaialdia ikusteko aukera egongo da Sagar uztaren markoan.

Emakumeak eta kirola kanpainaren bigarren hitzaldia, Oiana Blanco eta Olatz Alkorta kirolariek nerabeei gaztelekuan eskainiko dieten solasaldia da.

Egitarauarekin amaitzeko, urriaren 1ean izango den pala txapelketaren finala eta urriaren 2an botako den Astigarragako Motelak taldeari buruzko dokumentala antolatu dira.

Aipatutako jarduera batzuk emakumeei bakarrik zuzenduta egongo dira, hala nola kirol jarduerak edo Leire Olaberriaren hitzaldia.

Jarduera batzuetan adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko da. Zerbitzua behar izanez gero, Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da jarduera baino gutxienez bi egun lehenago (berdintasuna@astigarraga.eus/ 943 505 701).

Bestalde, saio irekiak ez diren arren, irailean zehar entrenamendu saioak egingo dira Mundarroko nesken taldeetako jokalariekin batera, Herri Eskolako gorputz heziketako orduetan.

08/09/2022