Buscar
Gipuzkoa

Emozioak eta zaintza oinarri izango ditu Tolosatzen Eskola Irekiak

Herritarrei hausnartzeko aukera emanez ekainera bitarte landuko den egitaraua aurkeztu du Tolosako Udalak
Udal ordezkariek atzo egin zuten aurkezpen agerraldia. | ARGAZKIA: N.G.
Udal ordezkariek atzo egin zuten aurkezpen agerraldia. | ARGAZKIA: N.G.

Tolosatzen Eskola Irekiaren 2023ko lehen seihilekorako antolatutako programazioa aurkeztu berri du Tolosako Udalak. Azken urteotako ibilbideari erreparatuz eta arrakasta izan duten gaiak aztertuz, ikasturte berrian emozioen lanketarekin jarraituko du, baita zaintza tailerrekin ere.

Urtetik urtera, parte-hartzea handituz joan da. Iazko ikasturtean, esaterako, 33 jarduera egin ziren eta adin guztietako 1.150 herritarren parte-hartzea jaso zen. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozioemozionalak eta zaintza lanak bezalako izan ziren TEIren baitan jasotako jardunaldietan landutako gaietako batzuk.

Ekainera bitarte landu eta antolatutako egitarauak autozainketa programa, gurasoei zuzenduriko atal berezia eta noski, momentuan momentuko erronken (euskararen egoera, trantsizio ekologikoa, errefuxiatuak…) inguruan hausnartzeko jardunaldiak jasotzen ditu.

Tolosatzen Eskola Irekiak hiru ardatz nagusi ditu: herritarren formakuntza (herritarrak hainbat arlotan trebatzeko eta ahalduntzeko), sendo-tze komunitarioa eta herriaren edo Tolosaren eta lurraldearen ezagutza. Hori horrela, egitaraua hiru ataletan banatu da: Tolosatzen Eskola Irekiak babestu edo sustatzen dituen jarduerak, beste eragile edo instituzioekin elkarlanean garatutako jarduerak, eta hedapenean oinarritutako jarduerak. Azken kasu honetan, Tolosatzen Eskola Irekiak jarduera horien hedapenean lagunduko du.

Hala, Tolosatzen Eskola Irekiak babesten eta sustatzen dituen jardueren artean, iaztik ondorengoak errepikatzen dira: Emozioen Gimnasioa, Arrastoan tailer didaktikoa, Autozainketa tailerra eta Bihotzetik 2023. Betikasten elkartearekin ere saioak antolatuko dira, gurasoei zuzenduriko jarduerak eta hedapenerako beste hainbat jardunaldi.

Dagoeneko badute data zenbait hitzorduak. Datorren hilaren 26an, Treba Gurasoak egitasmoaren baitan antolatutako lehen hitzaldia eskainiko da: sustantzia gabeko adikzioak: zer egin dezakete familiek? Horrez gain, urtarrilaren 30ean, Jabetze Eskolak antolatutako erotika tailerra ere eskainiko da eta autozainketa tailerrari hasiera emango zaio Saioa Garmendiaren eskutik.

2023-01-20T00:48:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo