Buscar
Gipuzkoa

Energia trantsizioa, zaintza ekosistema eta kultura, Oiartzungo erronka estrategikoak

Amaitzear dagoen legealdian pisuzko proiektuak jarri ditu martxan udalak, besteak beste, landetxe eraikina, arrietako azpiegitura fotovoltaikoa eta zaintzadi egitasmoa
Landetxe eraikin berriak martxoan zabalduko ditu ateak eta bertan kokatuko dira, besteak beste, kultur areto berria, jubilatuen egoitza eta euskalgintza
Landetxe eraikin berriak martxoan zabalduko ditu ateak eta bertan kokatuko dira, besteak beste, kultur areto berria, jubilatuen egoitza eta euskalgintza

Honako legealdia oparoa izan da Oiar-tzunentzat eta amaiera arte hala izaten jarraituko du, izan ere, hainbat urteko prozesuaren ondoren, martxoan zabalduko ditu ateak herriko proiektu esanguratsuenetako batek: Landetxe eraikina. Bertan kokatuko da herriko kultur aretoa, baina Landetxe hori baino askoz gehiago izango da, herriak une honetan dituen beharrei erantzuteko jaio baita. Hori horrela, jubilatuen egoitza berria, Udaleko Hizkuntz Normalizaziorako saila eta Oiar-tzungo euskalgintzako eragileak (AEK, Ttur-ttur, Oiartzun Irratia eta UEMA) ere hartuko ditu. Gainera, honi esker Ongizate Saila Fermiñene etxean kokatzea lortuko da, behar duen espazioa eta ikusgarritasuna emateko.

Udaletik azpimarratu dutenez, “Landetxe egitasmoa modu parte-hartzailean diseinatu da. Kultur aretoaren kasuan, herriko kultur eragile eta norbanakoek hartu dute parte eta honen kudeaketa ere parte-hartzailea izango da. Diseinua eta kudeaketaz haratago, nolako kultura nahi dugun denon artean hausnartzeko espazioa izango da eta herriko kultur eskaintza sendotzeko baliatuko dugu”.

Bestalde, jubilatuen egoitza berriaren zerbitzuak definitzeko prozesuan auzoz auzo egin diren saioetan 60 urtetik gorako 101 herritarrek hartu dute parte. Udaletik zehaztu dutenaren arabera, zahartzaro aktiboa bultzatzea izango du helburu espazio honek. Euskalgintzako solairuaren diseinua ere bertan egongo diren talde eta eragileekin batera egin da eta euskalgintza bateratzea izango da bere xedea, “sinergiak ahalbidetu eta indarrak batzeko asmoz”.

Ezkerretik eskuinera, Jexux Leonet (Oiartzungo alkatea), Eneritz Arbelaitz (alkateordea) eta Agustin Lekuona (trantsizio energetikorako zinegotzia).

Ezkerretik eskuinera, Jexux Leonet (Oiartzungo alkatea), Eneritz Arbelaitz (alkateordea) eta Agustin Lekuona (trantsizio energetikorako zinegotzia).

Energia trantsizioaren aldeko pausoak

Trantsizio energetikoa Oiartzungo Udalaren ildo estrategiko garrantzitsuenetarikoa da. Krisi energetiko eta klimatikoari aurre egiteko, energia estrategia martxan jarri zuen 2013an, eredu jasangarriagoa lortzeko. Bi helburu nagusi lortu nahi ditu: udal eraikin eta instalazioetan kontsumitzen den energia kopurua gutxitzea eta subiranotasun maila handitzea, erabiltzen den energiaren zati handi bat Udalak berak sortuz instalazio berriztagarrien bidez. Energia eraginkortasuna sustatzeko hainbat neurri hartu ditu azkeneko urteotan, besteak beste, kaleko argiztapenean, sodiozko farolak kendu eta LED argiak jarri ditu Udalak eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere. Hauen kontsumoa txikiagoa izateaz gain, gaueko ordu txikietan intentsitatea jaisten dute, aurrezpena handituz. Gainera, software bati esker, farolak pizteko momentua atzeratu eta itzaltzeko agindua aurreratu daiteke, kalean dagoen argitasun mailaren arabera.

Ekintza hauei esker, azken lau urteetan %13 jaitsi da Udalaren argindar kontsumoa. Neurri hauez gain, bere eraikinetan kontsumitutako elektrizitatea berriztagarria izateko eguzki plakak instalatu ditu Udalak. 85,1 kWp-ko azpiegitura fotovoltaikoa eraiki du Arrietako ur deposituaren estalkiaren gainean.

406 metro koadroko eremuan 187 eguzki-panel jarri ditu. Bertan sortuko den energia 500 metrora dauden udal eraikin ezberdinetan erabiliko da: ur deposituan bertan, Udaletxean, Fermiñene etxean, Landetxeko eraikin berrian, aparkalekuetan, Elizalde eskolan… Eguzki plaka hauek urtean 85.870 kWh sortuko dituztela aurreikusten da, eraikin horietan kontsumi-tzen den energiaren %8 inguru. 86.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.

Zaintza ekosistema aitzindaria

Hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetu nahian Zaintzadi egitasmo aitzindaria jarri du martxan Udalak. Zaintza ekosistema publiko-komunitarioa sortzea da helburua, baliabide gutxi dituzten eta inguruko pertsonen lagun-tza jasotzen ez duten 55 urtetik gorako pertsonen beharrak ezagutu eta hauei erantzuteko esku hartze sozio hezitzailea eta komunitarioa eskainiz, eta Oiartzungo eragile eta herritarrak ere prozesuan inplikatuz. Hiru fase izango ditu ekosistema martxan jartzeko prozesuak eta momentuz lehena burutu da, diagnosiarena, pertsonen beharrei erantzuteko herriak dituen baliabideak, sare komunitarioak, herri dinamikak eta mugak zein diren aztertzeko. Bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonak detektatu ondoren, hauekin harremanetan jartzen hasiko da orain, beraien beharrak zein diren ikusi eta proiektuan parte hartu nahi duten galdetzeko.

Industrialdeak berritzeko plan integrala

Oiartzungo industrialdeetan 7.000 lagunek egiten dute lan eta Udalarentzat lehentasunezko gaia da gune horiek berritzea proiektu berriak erakartzeko bidean. Aurreko legealdian Lin-tzirinen eraberritzea gauzatu zen. 2021ean Lanbarrenen egin zen eta orain Ugaldetxo, Oiar-tzun eta Makarraztegi poligonoetan esku har-tzen ari da Udala. Legealdi honetan 2.200.000 euro bideratuko dira gune hauek berritzera. Honi esker, Oarsoaldeko arnasgune ekonomiko garrantzitsu hauen modernizazio integrala gauzatuko du Udalak.

Egoera ekonomiko osasuntsua eta inoizko aurrekonturik handiena

Azken urte hauetan aurrekontu handiko proiektuak martxan jartzeaz gain, bankuekin zituen maileguak ordaintzen bukatu du Udalak. Erronka berriei aurre egiteko moduan daudela esan du Jexux Leonet Oiartzungo alkateak: “Gai izan gara proiektu garrantzitsuak martxan jarri eta gainera genuen zorra ordaintzeko. Egoera ekonomiko osasuntsuan gaude eta honi esker 2023an ere oiartzuarrentzat estrategikoak diren proiektu berriak burutuko ditugu”. 18 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak 2023 urtean, iaz baino %18 gehiago, eta energia trantsizioa, zaintza, elikadura burujabetza eta kultura sustatzea izango dira aurtengo erronka nagusiak.

Etiquetas
2023-01-23T07:02:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo