Bizkaiko Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu du otsailaren 24rako Bilboko BAT Dorrean, enpresak teknologia kuantikora erakartzeko. Hain zuzen, teknologia kuantikoari heltzeko zerbitzua aurkeztuko die foru erakundeak lurraldeko enpresei.
Zerbitzu horretan laguntza profesional pertsonalizatua eta azpiegiturak jarriko dira enpresen eskura, teknologia kuantikoaren esperimentatzeko eta soluzioak probatzeko, Bizkaiko Aldunditik jakinarazi dutenez.
Kuantika teknologia disruptiboa da, eta "funtsezkoa" izango da enpresa garapenean, sektore askori eragingo dielako eta prozesu gehienetan izango duelako inpaktua
Kuantika teknologia disruptiboa da, eta "funtsezkoa" izango da enpresa garapenean, sektore askori eragingo dielako eta prozesu gehienetan izango duelako inpaktua.
Hala erakutsiko da datorren asteko topaketa profesionalean, tokiko arrakastadun kasu praktikoak aurkeztuz, protagonistek eurek kontatuta. Enpresa batzuek teknologia kuantikoak nola inplementatu dituzten eta horrekin lehiarako zer abantaila lortu dituzten jakinaraziko da bertan.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari Joseba Mariezkurrenak emango dio hasiera topaketari, 10:00etan. Ondoren, Lantik Bizkaiko Aldundiko berrikuntza eta teknologia sozietateko Berrikuntzako zuzendari Valentin Garciak enpresen eskura dauden zerbitzuen xehetasunak emango ditu.
Jarraian, hiru mahai inguru antolatu dira familia kuantiko bakoitzaren eskaintza-eskarien kasu praktikoak erakusteko: 'Konputazioa eta simulazioa', 'Komunikazioak eta zibersegurtasuna' eta 'Sentsorika eta metrologia'.