Bizkaia

Eraberrituta dator Urdaibaiko Organoak 2022 musika jaialdia

7 udalerritan 11 emanaldi eskainiko ditu ekimenak, baita kontzertuei beste arte disziplinak gehitu ere
Musika jaialdiaren antolatzaileak eta erakundeen ordezkariak. | ARGAZKIA: I. FRADUA

Urteroko hitzorduari ez dio hutsik egingo zazpi udalerri –Mundaka, Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Muruetan– egingo den Urremendi Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor organo jaialdia. Eraberrituta, aurtengoan sorpresa bereziak izango dira egingo dien 11 emenaldietan. Bisita gidatuak berreskuratzeaz gain, “aurten arte eszenikoak gehitu behar zaizkio, hala nola zinema mutua, dantza barrokoak, balleta, poesia eta paisaia-erakusketak”. Antolatzaileen esanetan, “dugun altxorra erakusteko” aukera paregabea izango da, gaurtik hasita abuztuaren 15era arte.

“Urtero izaten dugun jarraitzaileei” begirako egitaraua antolatu dutela gaineratu zuten atzo Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan egindako aurkezpenean. Bizkaia Eleiz Museoaren laguntza dutelarik, organo zikloaren antolatzaile Benantzi Bilbaok zera gaineratu zuen. “Urtero saiatzen gara ditugun elizetako organoak, benetako altxorrak direnak, errekuperatzen”. Eta oraingoanMuxikako San Bizente Martiriaren parrokian dagoen organoaren premiazko zaharberritzea aldarrikatu zuen, “Diego de Amezuak (Aquilino Amezuaren aitona) 1760an eraikitako eta sekretu diatonikoa duen Iberiar penintsula osoko organo bakarrenetakoa baita. Aparteko berezitasuna du, Bizkaiko eta Euskadiko organo barrokoaren eredu ere badelako. Ez gara nekatuko gogorarazten gure betebeharra dela etorkizuneko belaunaldiei gure arbasoek sarritan gorabehera handien ondoren eraiki eta mantendu zuten ondarea babesteko mezua helaraztea”. Bada, egitarauari buruz, Bilbaok egongo diren “altxor musikalak” izan zituen hizpide. Garai guztietako errepertorioa erakutsiko du jaialdiak, izan ere, “aukeratutako udalerriek garai guztietako instrumentuak aurkezten baitituzte. Axpe-Busturian XVIII. mendeko estilo klasikoko instrumentu bat dago, eta Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon eta Ibarrangelun sei organo erromantiko oso berezi. Horri guztiari Arratzuko harmonium ederrak gehitu behar zaizkio, bakarra Euskadin bere antzinatasunagatik, 1850ean eraiki baitzen, eta Muruetakoa; eta amaitzeko, gure ondareko organorik bitxi eta berezienetako bat, Ibarrangeluko organoa, bere harpa eta guzti. Hori guztia lehen aldiz arte eszenikoekin konbinatuta gozatzeko aukera izango da, hala nola zinema mutuarekin (Gernikan, Jose Mari Uribe omenduko duten emanaldian), dantza barrokoekin (Mertzeden), balletarekin (Mundakan), poesiarekin eta paisaia-erakusketa batekin (Muruetan eta Axpe-Busturian)”.

Kultura eta turismoa

Ureemendiko Aitziber Ansotegik “Europako organo-jaialdi garran-tzitsuenetako baten aurrean” gaudela azpimarratu zuen. “Urdaibaiko Organoak gure udako aisialdiko eskaintza dibertsifikatu eta zabaltzen duen ekimena da, gure landaeremuetako jarduera kultural eta ekonomikoa dinamizatzen duena”, gehitu zuenez. Eta aurkezpenean izan zen Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren esanetan “musika eta arte eszenikoak bateratzen dituen jaialdia da, baina ondarea eta artea batzen dituen jaialdia dala esan dezakegu ere; publiko desbardinak erakarri gura dituena”. Jaialdiak ondarea agerian uzteaz gain, “Bizkaiko eskualde honen erakasgarritasun turistikoa ere bultzatzen du”, adierazi zuen. l

17/07/2022