Araba

Erdialdea biziberritzeko proiektuaren aurrerapenen berri emateko bulegoa ireki du Gasteizko Udalak

Erdialdea biziberritzeko proiektuaren aurrerapenen berri emateko bulegoa ireki du Gasteizko Udalak. / Utzitakoa

Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea hirigintza sozietateak auzotarrei zuzendutako bulegoa ireki du Dato kaleko 38 zenbakian, herritarren parte hartzea sustatzeko eta Zabalguneko bizilagunei 'Eko Barruti Ekintzailea' proiektuaren aurrerapenei buruzko informazioa emateko.

"Bulego hau irekitzea urrats garrantzitsua da Gasteizko zabalgunea biziberritzeko bidean. Sustatu egiten du bizilagunen parte hartze aktiboa hiri berroneratzeko prozesuan, eta komunitate izatearen sentimendua indartzen du", azaldu du Borja Rodriguez Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

Gasteizko Udalaren eta herritarren arteko lankidetzarako bide bat izango da bulegoa, eta berroneratzea ikuspegi integral batetik lantzeko aukera emango du, zabalguneko etxadiak biziberritzeko prozesu bat garatzeko, azpiegitura berde eta komunitate energetikoen bitartez, eta merkataritza, hirigintza eta kultur eta sormen arloko industriei bultzada emanez.

Eduardo Dato kaleko 38 B-ko aretoa lanegun guztietan egongo da zabalik, auzotarrek beren ideiak eta kezkak proposatzeko. Gainera, proiektuaren esparruan gauzatzen ari diren jarduerei eta ekintzei buruzko informazioa jasotzeko topagunea izango da.

Bizilagunen partaidetza eta informaziorako aretoa 'Zabalgunea, Eko Barruti Ekintzailea' izeneko proiektuaren baitan dago. Espainiako Gobernuko Gizarte Eskubideetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioak diruz laguntzen du, eta Gasteizko Udalak ere finantzatzen du.

Proiektua irailera arte egongo da indarrean, eta helburu du hiriaren erdialdeko barrutiaren hirigintza eta sozioekonomia suspertzea, eko-diseinuari eta eko-berrikuntzari lotutako jarduerak bultzatuz.

20/02/2025