Erdiz Bizirik plataformak manifestazioa antolatu du Iruñean, apirilaren 22rako, Landa eremuaren defentsan lelopean. Plataformak azaldu duenez, “22 urte pasatu dira Gobernu Batzordeak Magnesitas Navarras enpresari Erdizen zundaketak egiteko baimena eman zionetik”. Momentu hartan herritarrek ez omen zuten begi onez ikusi Baztango bazkaleku komunal handiena zulatzea, “enpresa erraldoi baten sakelak betetzeko”. Baztandarron %87 meategi proiektuaren kontra lerrokatu zirela gogoratu du plataformak.
Erdiz Bizirikek nabarmendu du oraindik Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurka jarraitzen dutela eta beren desadostasuna “argi uzteko” manifestazioa antolatu dute apirilaren 22an.
Protesta Iruñean egitea arrazoitu nahi zian du plataformak “orain arte Baztanen egin ditugu protesta guztiak, gurea dena guretik defendatuz. Oraingoan, Iruñera joatea erabaki dugu, berez guri dagozkigun erabakiak irabazi nahi dituzte, eta, beharbada, bertara joaten bagara, orain arte entzun (nahi izan) ez dutena entzun beharko dute”.
Landa eremuaren defentsan leloa hautatu dute manifestaziorako, “meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzkeelako”. Plataformak zehaztu du Erdizko parajeak 476 hektarea dituela, eta horietatik 260 azienda bazkatzeko leku hoberena direla, “zehazki eremu horretan egin nahi da meategia”.
Erdiz Bizirikek dio “Baztango laborariei eraginen dizkien ondorio zuzenez gain, landa eremu guztiak pairatu beharko ditu meategiak sortuko dituen kalteak. zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak nahiz iturriak kutsatuko dira, eta materialen garraioarengatik hautsa nahiz asotsa hedatuko dira. Horretaz gain, Magnesitas Navarrasen jarduerak berak eragin zuzena du herritarren osasunean: Nafarroan CO₂ gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da”.
Manifestazioaren eguna ere ez omen dute ausaz hautatu, izan ere, apirilaren 22a Lurraren Nazioarteko Eguna da, “landa eremuaren alde kalera ateratzeko egun ezin hobea”. Hortaz, manifestaziora gonbidatu dute “landa eremua defendatu nahi duen pertsona oro”.