Buscar
Navarra

Erdizi buruzko galdeketak antolatu dituzte Baztango herrietako alkateek

Azaroaren 20an bazkalekuaren okupazioaren gaineko iritzia galdeginen dute herri guztietan, Almandozen izan ezik
Iruritako Dorrean egin zuten prentsa agerraldia Baztango herrietako alkateek. .
Iruritako Dorrean egin zuten prentsa agerraldia Baztango herrietako alkateek. .

Baztango herrietako alkateek deituta, Erdizko bazkalekuaren inguruko galdeketa eginen da Baztanen heldu den azaroaren 20an. Baztango Ordenantzek eskaintzen duten eskumena baliatuta, bailarako herri guztietan, Almandozen izan ezik, herritarrei galdeginen diete Baztango herri bazkaleku handienaren eta aberatsenaren inguruko balizko okupazioari buruz.

Galdeketaren berri emateko prentsa agerraldia egin zuten igande honetan Iruritan, Erdizko bazkalekua hondoan zutela, bailarako dozena bat alkatek. Urriaren 23a aukeratu zuten horretarako, Baztango Batzar Nagusiak antolaturiko herri galdeketa egin behar zen eguna. Galdeketa ez erreferendarioa alde batera utzi behar izan zuen Batzar Nagusiak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak aginduta.

Orain, Baztango Ordenantzak eskuan, herrietako alkateak izanen dira, bakoitzak bere herrian, herritarrei galdera hau zuzenduko dietenak: Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?. Herritarrek baiezko edo ezezko erantzuna eman beharko dute. Egun berean eginen dira galdeketak herri guztietan, dena den, tokian toki erabakiko dute galdeketan parte hartzeko ordutegia.

Igande honetako agerraldian Pello Iriarte, Iruritako alkateak hartu zuen hitza herrietako alkateen izenean, eta gogora ekarri zuen duela 600 urte Nafarroako erregeak Baztango lur batzuk bereganatu nahi izan zituela, “bertako jendearen nahiaren gainetik”. Nonbait, herritarrek erregearen nahiei kontra egin zieten, Baztango lurrak haienak zirela aldarrikatuz. “Geroztik baztandarren lurrak eta hauen kudeaketa, bertako herritarren esku egon dira. Gure komunalak, gure erabakiak”, azaldu zuen Iriartek.

Honen inguruan, nabarmendu zuten pasa den urriaren 3an Magnaren proiektua foru intereseko proiektu izendatzeko proposamena Gobernuari galdegitea eskatu onartu zuela Nafarroako Parlamentuak, “Baztango Batzar Nagusiaren erabakiei ezikusia eginik”. Herri galdeketa alde batera uztera behartu zituztela ere salatu zuten, “Baztango Batzar Nagusiaren erabakia eta burujabetza deuseztatuz, beren hitza inposatuz”. Honen harira, galdera bat luzatu zuten, “600 urtez babestu dugun hau bere horretan uztera behartuko gaituzte?”.

Hortaz, azaroaren 20rako galdeketak antolatu dituzte herriz herri, eta herritarrei parte hartzeko dei egin zieten, “baztandarrek Baztan egiten dugulako, Baztan guztiok osatzen dugulako”.

Azpimarratu nahi izan zuten, edozein dela emaitza, galdeketaren helburua herritarren hitza entzutea dela, “aukeratzeko eskubidea bermatzea gure betebeharra dela uste baitugu”. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari PSISaren eskaerari erantzunik eman baino lehen, baztandarren iritzia entzun dezala eskatu zioten.

2022-10-24T16:38:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo