Ereintzako txistulari taldeak kontzertua eskainiko du Errenteriako Maria Magdalena basilikan apirilaren 4an, ostiralean, 19.30ean. Kontzertu honetan Ereintza txistulari taldeak Isidro Ansorena Eleizegi (Hernani 1893–Donostia 1975) omenduko du, bere heriotzaren 50. urteurrena betetzen dela eta. Emananaldiak Ereintzak eta Maria Magdalena Basilikaren Lagunak elkarteek antolatu dute.
Horiek horrela, Mikel Oliverik zuzenduko duen kontzertuan Ansorenaren lan esanguratsuenetako batzuk eskainiko dituzte. Guztira hamar obra joko dituzte eta haien artean egongo dira Biribilketa Hasierakoa, Madalena festekin lotutako pieza ospetsua eta Alborada Damuba-Garaiz, jai-giroko erritmoak eta solemneagoak direnak uztartzen dituena.
Musika herrikoia, arte bihurtu
Antolatzaileek azaldu dutenez, Ansorenak aparteko talentua zuen musika herrikoia arte bihurtzeko. Horrela, programan Rapsodiak ere jasoko dira, Donostiako elkarte gastronomikoetako kantuetan inspiratutako piezak, hala nola Aizepe eta Euskal Bilera.
Halaber, bere familiari eskainitako lanak joko dira, adibidez, bere alaba nagusiarentzat sortutako Fandango Ana Mari hunkigarria eta bere alaba Frantxiska Martiñari eskainitako Arin-arina. Gainera, publikoak aukera izango du entzuteko Inauteri Soinua izeneko fandango bizia eta Biribilketa Puxketan indartsuak emango dio amaiera kontzertuari, "musika herrikoiaren pieza ezagunak biltzen dituen mosaiko ikusgarria, Ansorenaren musikaren gaurkotasuna erakutsiko duena", baietsi dute antolatzaileek.
Biografia
Isidro Ansorena Eleizegi euskal txistularia eta txistu-konpositore izan zen. Donostiako Udal Kontserbatorioko irakasle eta Donostiako Udal Txistulari Bandaren zuzendari, bandetan jotzeko mila konposizio inguru sortu eta bildu zituen. Txistua ikasteko egun erabiltzen den metodoetako bat berea da Rodrigo Alfredo de Santiagorenarekin batera.

José Luis Ansorena Miranda
Jose Luis Ansorena Mirandaren (1928-2019) aita izan zen. Semea abesbatza zuzendaria eta musikagilea izan zen eta Errenteriarekin lotura berezia izan zuen. Izan ere, Andra Mari Abesbatza, Orereta haur abesbatza eta Parrokiako Gaztedia sortu zituen. Era berean, Karnaba zortzikotea zuzendu zuen. 1973an Musikaste, euskal musikaren astea, sortu zuen eta urtebete beranduago Eresbil, euskal musikako artxiboa, eratu zuen. Errenterian kokatuta dagoen artxibo honen zuzendari ere izan zen.