Araba

Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen

Nature aldizkariak jasotako ikerketa baten arabera, erlauntzen antropizazioa gutxitzean, haien bakterio onuradunen kopuru erlatiboa handitu egiten da
Taldeko Andone Estonba eta Iratxe Zarraonaindia Unije irlan. | ARGAZKIA: UTZITA

Nola hobetzen da erleen mikrobiano-osasuna? Hobetu daiteke? Zertan eragiten du hobekuntza horrek beraien osasunean? Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon. Hori da Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) argitaratu duen ondorioetako bat. Izan ere, Nature aldizkariak jasotako ikerketa baten arabera, erlauntzen antropizazioa txikitzean handitu egiten da haien bakterio onuradunen kantitate erlatiboa.

UPV/EHUren beste artxiboko irudia. | ARGAZKIA: UTZITA

Hala, Nazioarteko ikerketa batean, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak, erlauntza unitate gisa hartuta. Ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Habitat erdinatural batean “16 egunez edukitzeak arindu egin du nekazaritzak erlauntzetan eragindako desoreka mikrobianoa”. “Mendebaldeko ezti-erlea (Apis mellifera) arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres-faktore askoren ondorioz; besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak”, azaldu zuten ikertzaileek. Ildo beretik, gaineratu zutenez, badira zenbait urte agerian geratzen ari dela erleen heriotza-tasa asko “handitu” dela; horregatik, duela sei urte inguru “ikertzen hasi ginen erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia eta horrek zer lotura duen erleen gaixotasunekin edo osasunarekin”, zehaztu zuen Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak. Ikertzaileek garrantzi handia egozten diote eremuen antropizazioari, alegia, “nekazaritza intentsiboari eta erabiltzen diren produktu kimikoei, besteak beste”. Kroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan, “aukera izan dugu Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko. Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia izan –erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea–. Ikertu nahi genuen antropizazioak zer eragin daukan erleen mikrobiotan edo mikroorganismo komunitatean. Horretarako, nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlaun-tzen mikrobiotarekin alderatu ditugu Unije irlako erlauntzak”, gaineratu zuen Zarraonaindiak.“Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan”, azaldu zuen. Horrek agerian uzten du ezti-erleen mikrobiotak erraz egokitzeko gaitasuna daukala; “ez genuen uste hain azkar aldatuko zenik mikrobiotaren konposizioa”. Ondorio horiei esker, ikertzaileek aukera izan dute erleen osasunari buruzko informazioa emango duten biomarkatzaileak zehazteko. Esate baterako, ikertzaileek hauteman dute bakterio jakin bat, Arsenophonus, oso ugaria dela nekazaritza-eremuetan; gutxiago dagoela eremu erdinaturaletan, eta ia ez dela azaltzen eremu naturaletan. Erlauntza bere osotasunean ikertu dute, ez erlea bakarrik. Horixe da ikerketa honen gako garrantzitsuenetako bat: “Ikuspegi berritzailea da hau. Erlauntzan dauden nitxoetako mikroorganismoen multzoa, apibioma, ikertu dugu. Erleen hesteak, erlauntzaren sarrera, erle-ogia (erleak elikatzeko gaia) eta erlaun-tza barneko airea ikertu ditugu”. Lehen esan bezala, Arsenophonus bakterioa nekazaritza-eremuan da ugarien, eta joera hori nitxo guztietan topatu dugu. Beraz, oso biomarkatzaile egokia da nekazaritzak erlauntzetan zer eragin duen eta erlauntzek zer osasun duten neur-tzeko; gainera, “metodo hau ez da inbaditzailea, erlauntzaren sarrerako lagin bat hartuta jakin baitaiteke hori”.

Ikerketa hau June Gorrochategui Ortega doktoregaia Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean egiten ari den tesiaren muina da (Eusko Jaurlari-tzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena erakundeak finantziatutako Ikertalent programaren barruan). Ikerketa Kroaziako Osijek-eko Unibertsitateko, Zadar-eko Unibertsitateko eta Zagrebeko Unibertsitateko taldeekin lankidetzan egin da.

Xehetasunez

Ikerketa. Ikerketa hau June Gorrochategui Ortega doktoregaia Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien

Fisiologia Sailean egiten ari den tesiaren muina da (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena erakundeak finantziatutako Iikertalent programaren barruan). Ikerketa Kroaziako Osijek-eko Unibertsitateko, Zadar-eko Unibertsitateko eta Zagrebeko Unibertsitateko taldeekin lankidetzan egin da.

Esaldiak. Kroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan, “aukera izan dugu Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko. Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia izan –erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea–. Ikertu nahi genuen antropizazioak zer eragin daukan erleen mikrobiotan edo mikroorganismo komunitatean. Horretarako, nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlaun-tzen mikrobiotarekin alderatu ditugu Unije irlako erlauntzak”, gaineratu zuen Zarraonaindiak. “Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan”, azaldu zuen. Horrek agerian uzten du ezti-erleen mikrobiotak erraz egokitzeko gaitasuna daukala, ondorioztatu zuen.

01/03/2023