Abendua hasita, Gabonak gure agendetako hurrengo ekitaldi nagusia bihurtu da. Nahiz eta udazkena ez den hilabete honetako 21era arte amaituko, gure neguko ekitaldi garrantzitsuena gure buruan dago jada. Esan genezake pasa den asteko Black Friday egun horretatik jada hasi garela Gabonak prestatzen, eta nola ez, beti oparietatik hasi gara.
Opariak azken momenturako uztearen tendentzia gero eta txikiagoa da. Zergatik? “Ezin dugu oso ondo azaldu zergatia, ez delako ikertu eta hori ikertzea oso zaila delako”, dio Markel Tellaetxek, merkatuen tendentzian adituak. Tellaetxek gogorarazten du urtarrilean argitaratutako datu bat: “Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko soldata nomina maximo historikora iritsi zen 2023ko laugarren hiruhilekoaren amaieran”.
Hilero 2.197 eurokoa zen garai horretan, urte arteko %4,6ko igoera suposatzen zuena. Erkidego guztien artean, bigarren altuena zen Euskal Autonomia Erkidegoa, Madrilek bakarrik gaindituta. “Datu hauek positiboak dira, noski, baina datu ekonomiko hauek konparaketa erabilita irakurri behar ditugu”, dio Tellaetxek. Adierazten duen bezala, nahiz eta soldata nominala igo zen, “erosteko ahalmenaren %4,6 galdu du Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak”.
Zeri ematen diogu garrantzia?
Euskal Autonomia Erkidegoan, erosteko momentuan hainbat faktoreei ematen diegu garrantzia. Horien artean, gure zonaldeko biztanleentzat produktuen kalitatea da. “Kalitatea bereziki garrantzitsua bihurtzen da arlo gastronomikoan”, dio Markel Tellaetxek, “horregatik garrantzia berezia hartzen du faktore hau Gabonetan”. Markel Tellaetxe adituaren arabera, arlo gastronomikoan gastatzen dugun diru kantitatea altuagoa da nahiago dugulako kalitatea bermatzea prezio baxuago bat baino. “Hala ere, kontuan hartu behar dugu kalitatea eta prezioaren arteko harremana ere euskal herritarroi inporta zaigun faktore bat dela”.
Tellaetxek ziurtatzen du gure gizartean presente dauden kontu sozialek ere garrantzia hartu dutela azkeneko urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi handia ematen diogu ingurumena zaintzeari. Erosten dugunean, faktore garrantzitsu bat bihurtu da hau azken urteetan. “Hori ez ezik, tokiko merkataritza beste zonaldeetan baino gehiago inporta zaigu”, dio Tellaetxek.
Eta zertan gastatzen dugu gehien? Bada, inoren harridurarako, janarian, oparietan eta dekorazioan gastatzen dugu gehien. Hala ere, aisialdia ez dugu alde batera uzten. Izan ere, Markel Tellaetxek dio kontuan hartu behar dugula oparien barruan, zerbait nabarmentzen bada, modan, aisialdian eta teknologian egiten dugun gastua dela: “Gure gastuen iturri nagusiak izango lirateke, edozeinen gainetik modarena nabarmenduz”.
Ildo horretan, kontuan hartu beharreko beste datu bat moda kontsumitzeko modua da: “Online gehien erosten dugun sektorea da, eta, gainera, tokiko merkataritzatik kanpo”. Gauza bera gertatzen da teknologiarekin; enpresa handiak dira onura gehien jasotzen dutenak sakelakoak edo horientzako osagarriak erosten ditugunean.
Aitzitik, gastu gastronomikoari dagokionez, tokiko merkataritza euskal herritarren aliatu handi bihurtzen da berriro ere, batez ere Gabonetako ekitaldi nagusietan: Gabon gauean, Gabonetan, Gabon Zaharrean, Urte Berrian eta Errege egunean.
Black Friday gurean
Azaroaren 29an espainiar estatu osoan (eta mundu osoan zehar) Black Friday eguna ospatu zen. Egun horrek ez du azalpenik behar jada. Urteetan, deskontuen sukarrak zer dakarren bizi izan dugu, eta esan genezake ostiral berezi honen bidez Gabonetako erosketei hasiera ematen zaiela. “Nik lehenengo opariak Black Friday-ean erosiko ditut, eta horrela zerbait aurreztu ahalko dut”, dio María Alonsok, 22 urteko gaztea. “Etxekoentzat opariak erosten ditudanetik, beti egun honetan erosten ditut opari handienak. Detailetxoak edo aurrerago erosten ditut, baina diru kantitate gehien egun horretan inbertitzen dut”, zehazten du Alonsok.
“Nik honen bidez oparietarako gorde dudan diru kantitatea gehiago amortizatzen saiatzen naiz”, dio Eunate Mirandak, 59 urteko emakumeak. “Nire alabarekin elkartzen naiz eta Black Friday heldu baino lehen, dendetara joaten gara, bereziki, arropa-dendetara”. Zergatik Black Friday baino lehen? “Horrela, opariak jada erosi ditugu eta ez gara geldituko bilatzen genuen produktu hori gabe. Behin erosita daukagunean, ostiral horretan Internetetik bilatzen dugu beherapenik duen edo ez, eta izatekotan, berriz erosten dugu eta aurretik erositakoa denda fisikoan bueltatzen dugu”, azaltzen du Eunate Mirandak.
Horrela, Mirandak bere bi helburuak betetzen ditu: oparien erosketa aurreratzea, eta ahal izatekotan, dirua aurreztea. Bere hitzetan, estrategia ona da baldin badakizu zer erosi nahi duzun.
Prezioen igoera
Garai hau heltzen dela, euskal herritarren kezka nagusia inflazioa eta prezioen igoera orokorra da. “Ez da prezioa igoera larria dena, berez, galdu dugun erosmen-ahalmena da kezka, nahiz eta gehiengoak askotan ez duen hori antzematen”, dio Markel Tellaetxek.
Euskal herritarron lehenengo kezka inflazioan zentratzen da, eta prezioen igoera orokortuan. Tellaetxek dioen bezala, horri lotuta doan erosketa-ahalmenaren galera ere kezka bat bihurtu da. Kontuan izateko datu bat da aurtengo eta pasa den urteko konparaketa: nahiz eta aurten kezkak handia izaten jarraitzen duen, pasa den urtean antzematen zen baino arinagoa da. “Euskal herritarrok oraindik kezkatuta gaude inflazioagatik, eta prezioen igoeragatik, baina ematen du egoera honetara ohitu garela, eta hau bai dela benetan kezkagarria”, dio Markel Tellaetxek.
Eusko Jaurlaritzak berak egindako Merkatu-azterketa txostenean zehazten denez, galdetutako herritarren %34,6k inflazioa, prezioen igoera eta, ondorioz, familien erosteko ahalmenaren galera aipatu ditu kezka nagusi gisa. Iaz, horri buruzko datua hau izan zen: galdetutakoen %50,2k adierazi zuen inflazioa zela bere kezka nagusia. Baliteke datuak behera egin izana, baina argi geratu dena da “kezka nagusien artean” jarraitzen duela, txostenak berak aipatzen duenez.
Zeri ematen diogu garrantzia?
Eusko Jaurlaritzaren informe berak zehazten duen bezala, badaude hainbat motibo leku batean edo bestean erosteko, edo erosteko modu bat aukeratzeko. Horien artean, euskal herritarren artean, garrantzitsuena produktuen kalitatea (%59,3), prezio egokia (%57,8), gertutasuna (%52) eta erosteko erosotasuna (%25,4) dira.
Azkeneko honek arreta deitzen du bereziki. Zeri deritzogu “erosteko erosotasuna?”. “Berez, erosotasuna gertutasunarekin izan ahal du lotura, erosoa egiten zaigulako gure ohiko denda edo supermerkatua ezagutzen dugulako”, dio Tellaetxek. “Hala ere, Internet-aren gorakadarekin, erosotasuna ere beste kontzeptu batzuetara lotu behar dugu, eta lotura horietan kokatu behar dugu erosteko irizpide honen igoera”, zehazten du Markel Tellaetxek. Internet heldu denetik, hainbat aplikazio sortu dira etxeko erosketa egiteko. Supermerkatuek erosketa online modalitatea sustatu dute, eta gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den erosketa modu bat da.
“ Inflazioa, prezioen igoera eta erosteko ahalmenaren galera dira herritarren kezka nagusiak ”
María Alonso gazteak ziurtatzen du hilabeteko erosketa online egiten duela, eta bakarrik asteroko gauzak erosten dituela dendan fisikoki. “Aurreikusten dut hilabetean beharko dudana, eta supermerkatuaren aplikazioaren bidez egiten dut erosketa”, dio Alonsok, “berriz, astean zehar suertatu ahal zaizkidan beharrak, komertzio txikian asetzen ditut”.
María Alonsok ziurtatzen du erosketa egiteko bere lau irizpide nagusiak bat egiten dutela Eusko Jaurlaritza zehazten diren irizpideekin, eta erosketa Internet-en bidez eginda, asetzen dituela lau irizpide horiek: “Erosoa da, beti daukat eskura, eta gainera, kalitate oneko produktuak lortu ahal ditut eta aurreikusi dezaket zein izango den nire gastua”. Hala ere, María Alonsok badaki zein den ohitura honen alde negatiboa: “Alde batera uzten dugu tokiko merkatarien lana”.
Gabonetan, zer eta nola?
Gabonetan, gure kontsumo-joerak ez dira aldatzen: kalitatearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, are gehiago. Gutako gehienontzat, kalitatea bihurtzen da erosketa-irizpide nagusia, beste edozeinen oso aurretik, batez ere elikagaiak erosteaz ari garenean.
Opariak egiteko orduan ere ez dugu begirune handirik izaten, eta beti kalitatea lehenesten dugu, baita esklusibotasuna ere. Marka handietan, batez ere teknologikoetan, egiten dugun gastua izugarri igotzen da.
Teknologiari dagokionez, informatikan, telefonian eta bideojokoetan egindako gastua azpimarratu behar da.
Eguberrietako gastuen ranking-ean elikadura lehen postuan badago ere, eta opariak bigarrenean, dekorazioa hirugarren postuan dago; izan ere, denden joerak ikusi besterik ez dago, egun seinalatu horietarako produktu berezien bildumak atera baitituzte.