Zinemak erakusten duen erotismoagatik erakarrita, pole dance izeneko diziplina praktikatzen hasi zen Garazi Abraldes Azkorbebeitia (Durango, 1999) orain dela lau urte inguru. Eskolak jasotzeaz gain, irakasle lanetan ere aritu da, eta aurtengo udazkenean Durangoko Azokan parte hartzeko eskaintza jaso zuen. Ikuskizun propioa prestatu eta aurkeztu du dagoeneko, hainbat figura, forma eta mugimenduekin sortutako irudi eta sentsazioak uztartuz.
Zertan datza pole dance-a?
Ez dakit zein izango den definizio ofiziala. Askotan entzuten dut dantza mota bat dela baina, nire iritziz, hori ez da guztiz zuzena. Niretzat kirol bat da bereziki, eta kirol horretan dantza egin daiteke ala ez. Barra bertikal bat erabiliz praktikatzen da, egon ahal dena geldi edo biraka. Eta bertan egiten dena, dantzaz gain, figurak eta forma ezberdinak dira. Ez nuke gehiago mugatuko definizioa.
Askorentzat pole dance-a ezezaguna da oraindik. Dena den, esango zenuke gero eta zabalduago dagoela jendartean?
Ez nuke jakingo esaten orain lehen baino ezagunagoa den ala ez. Baina bai uste dut ikuspuntua zabaldu egin dela azken urteetan eta, gaur egun, bere erabileraren espazioa eta estereotipoa gero eta anitzagoa dela. Iruditzen zait pole dance-a askotan mugatu izan dela estereotipo jakin ba-tzuetara; stripper eta gogo roletara edo testuinguru sexualizatuetara. Gaur egun, hori aldatzen ari da, diziplina hau zabaldu delako espazio eta jende gehiagorengana.
Zergatik hasi zinen zu kirol hau praktika-tzen?
Ni orain dela lau urte inguru hasi nintzen pole dance-an, baina ez dakit oso ondo zergatik. Orokorrean, nahiko saltseroa naiz, eta beti gustatu izan zaizkit alde exotiko eta erotikoak, badute atsegina zaidan zerbait. Zinematik, gehien bat, ezagutzen nuen diziplina hau eta erakartzen ninduen. Bila hasi nintzen eta azkenerako topatu nuen leku bat Bilbon klaseak jasotzeko. Gerora, probatu ostean, niri ere zabaldu zait ikuspegia eta ikusi dut exotismo eta erotismo hori baino askoz gehiago dela, eta kirol-mundu izugarri bat eta entrenamendu handia dagoela atzetik.
Durangoko Azokan zure ikuskizun propioa aurkezteko aukera izan duzu.
Bai. Pasa den ikasturtean pole dance irakasle lanetan aritu nintzen, eta horren harira elkarrizketa bat egin zidaten Durangaldeko Anboto aldizkarian. Handik gutxira Durangoko Kultura Sailetik deitu zidaten galdetzen ea azokan parte hartu nahi nuen. Ez nuen espero eta poz handiaz esan nuen baietz. Ilusio handia egin dit kultura eta herri mailako horrelako topaleku batean parte hartu izanak, izan ere, aipatutako estereotipoetatik irteten diren ekitaldietan parte har-tzea oso pozgarria da. Showak oso pertsonalak dira, beraz, nik bakarrik prestatu nuen. Hau ere banaiz izena du, eta ikuskizun artistiko edo lirikoa da. Pole dance-ak hainbat kategoria ditu, ez nuen bereziki deportiboa egin nahi, ezta bereziki erotikoa ere. Hortaz, lirikoa egiten saiatu naiz. Zenbait figura egiten ditut, eta dantza barratik kanpo, gorputzak deskantsatzeko. Horrez gain, hasieran olerki bat errezitatu nuen. Olerki eta ikuskizunaren bitartez nahi izan dut erakutsi pole dance-ak era asko dituela eta, izenburuak dioenez, hau ere banaizela, ez naizela bakarrik deportiboa eta ez naizela bakarrik erotikoa.
Ezagutzen duzu modu profesionalean honetaz bizi den pertsonarik?
Bai, noski, badago honetaz bizi den jendea. Nire irakasleak, adibidez, bere akademia propioa izateaz gain, hainbat show garrantzitsu sortu eta eskain-tzen ditu, eta modu berean egongo dira beste asko. Horretaz aparte, badago ere pole dance ikastaro edo tailerrak ematen ibiltzen direnak alde batetik bestera, kon-tzertuak izango balira bezala, horretarako kontratatzen dituzte ekitaldi edo jaialdietan.
Etorkizunari begira, gustatuko li-tzaizuke horrelako ikuskizunak eskaintzen jarraitzea?
Zalantza barik, bai. Esan bezala, ezagutzen dut modu profesionalean honetaz bizi den jendea, posiblea da. Durangon eskaini nuen ikuskizunera pertsona asko hurbildu ziren, beraz, jendartean orokorrean badago interesa honekiko. Egia esan, orain dela gutxira arte planteatu ere ez nuen egiten, baina Hau ere banaiz aurkeztu nuenetik oso gogo-tsu eta motibatuta nago, uste dudalako aukera berriak suertatu ahal zaizkidala hainbat esparrutan. Horrez gain, orain momentuan ez nago irakasle lanetan, baina oso posible ikusten dut berriz ere hastea.