Bilboko Udalak Errekalde auzoko bi kale (León de Uruñuela eta Gordóniz) berritzeko lanak hasi ditu aste honetan. Egingo diren berrikuntzen artean espaloien zabalketa eta hiri-ingurunea hobetzea daude, besteak beste. Baina obra nagusia, dudarik bate, ibilgailuen zirkulazioa beste era batera antolatzea izango da.
Zehazki, jarduteko eremuaren barruan sartzen dira León de Uruñuela kaleko zati bat, Uretamendiko igogailutik Gordonizeraino, bide horrekin lotzeko biribilgunea, eta Gordoniz kaleko zati bat, biribilgunetik Iturrigorri bideraino.
León de Uruñuela kalea
Obra honen xede den Leon de Uruñuela kaleko zatiak 150 metroko luzera eta 12 metroko zabalera du: 4 metro zirkulazio-errei bakarreko bidea da, lineako aparkalekuak daude bi aldeetan eta espaloia ere alde bietan dago, 1,90 metrokoa.
Orain hasiko diren obra hauetan, espaloiak zabaldu egingo dira: 3,30 zabal izango da zenbaki bikoitien aldean eta 3,10 metro zabal zenbaki bakoitien aldean. Zirkulazio-erreia murriztu egingo da (3,5 metro zabal) eta lineako aparkalekuak jarriko dira zenbaki bikoitien aldean.
Oinezkoen pasabideak eta zeharkako kaleekiko elkarguneak berritu eta egokituko dira, bai eta zoladura, zintarriak eta zerbitzu-sareak ere, beharra dagoela ikusiz gero. Hori guztia, kaleko oinezkoen joan-etorriek irisgarritasun-araudia bete dezaten.
Espaloietan gris koloreko Bilbao motako baldosak ipiniko dira, eta horien errematea granitozko zintarriarekin egingo da.
Oinezkoen pasaguneetan, norabide- eta ukimen-baldosak (botoiekin) jarriko dira, kolore gorrikoak.
Biribilgunea
Proiektuaren beste helburuetako bat León de Uruñuela eta Gordóniz kaleak lotzeko biribilgunea eraberritzea da. Inguru horretan, espaloiak zabaldu egingo dira eta lorategi nagusiaren geometria aldatuko da. Orain arte zirkularra izan da baina forma luzanga emango zaio, ibilgailuen joan-etorriak zirkulazioaren arabera hobeto antolatzeko.
Espaloietan Vibrazolit baldosak ipiniko dira zoladuran, eta granitozko zintarri bikoitzarekin errematatuko da.
Gordoniz kalea
Obra honen xede den Gordoniz kaleko tarteak 90 metroko luzera eta 37 metroko zabalera du. Erdiko espaloiak 6,10 metroko zabalera du, eta bi aldeetan bideak ditu, bakoitza bere espaloiarekin: bata Iturrigorrirantz igotzen da, eta bestea biribilgunerantz jaisten da.
Obren ondorioz, Gordoniz kaleko erdiko espaloia 2 metro zabal geratuko da eta parkearen aldeko espaloiari 80 zentimetro emango zaizkio, gutxienez bost metrotik gorako zabalera egon dadin. Igotzeko eta jaisteko erreiak 4,50 metroko zabalerara murriztuko dira, eta lineako aparkalekuak bateriako aparkaleku bihurtuko dira, eta, beraz, zona horretan aparkatzeko leku gehiago egongo da.
Gainera, oinezkoen pasabideak geometria berrira egokituko dira kale-tarte guztian.
Auzokide Plana
León de Uruñuela eta Gordóniz kaleetan aurreikusitako lanak uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planean datoz jasota.
Herritarrek parte hartzeko Udalak duen tresnarik garrantzitsuenetako bat da Auzokide Plana. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.