Beste urte batez, Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako Udalek indarrak batu dituzte euskararen alde. Hamabosgarrenez, Ogasunarekin euskaraz! kanpaina aurkeztu dute, herritarrak Errenta aitorpena euskaraz egitera anima daitezen.
Hiru herrietako alkateak bildu dira kanpaina ezagutarazteko: Leire Artola, Kepa Zubiarrain eta Adur Ezenarro, Beasain, Lazkao eta Ordiziako alkateak. Beasaingo udaletxean burututako prentsa agerraldian, Errenta aitorpena euskaraz egiteko bideak eta datak zehaztu dituzte. Guztira hiru bide izango dituzte goierritarrek aitorpena euskaraz egiteko: auto-likidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidez.
Hitzordua eskatzeko, kontsualtak egiteko eta argibideetarako 943 113 000 telefono zenbakira deitu daiteke, Foru Ogasunaren Beasaingo bulegora gerturatu edota www.gipuzkoa.eus/ogasuna atarian sartu.

Ezenarro, Artola eta Zubiarrain prentsa agerraldian
Auto-likidazio proposamena
Martxoaren 31tik ekainaren 30era bitartean, herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela adierazi behar da. Aurrerantzean, Ogasunak euskaraz bidaliko ditu agiri guztiak.
Mekanizatua
Apirilaren 4an hasiko da errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko haurrez haurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz burutu daitezke. Horretaz ez ezik, Ogasunak sinatzeko orria ere euskaraz jaso daiteke.
Internet bidez
Apirilaren 3tik 30era arteko epean eta Zergabidea atariaren bitartez, Errenta aitorpena Internetez egiteko aukera egongo da. Errenta programaren euskarazko bertsioa Internetetik jaitsi eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aitorpena aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten bada, euskaraz egiteko eska daiteke.
Eskuorria eta bilakaera
Elkarlanean, Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako Udalek eskuorri bat prestatu dute informazio guztia bildu eta herritarrei helarazteko. Hiru herrietako etxe guztietan banatuko da eskuorria eta bertan, Errenta aitorpena euskaraz nola egin adierazteaz ez ezik, euskarazko aitorpenen bilakaera ere ageri da.
“Azken bi urteetan, Beasain eta Ordizian euskaraz egin diren Errenta aitorpenen ehunekoa egonkortu bada ere, Lazkaon handituz joan da”, adierazi du Kepa Zubiarrainek. Uretik urtera kopuruak goruntz egiteko joera hori ez etetea eskatu dute hiru alkateek, eta Errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola gaineratu dute.