Unai Oiartzabalek 24 urterekin ibilbide oparoa egin du Errenteriako kultur eta euskalgintzan. Panderojolea da eta euskal dantzetan ere ibilia da, baina azkeneko urtean buru-belarri aritu da, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen barnean, Euskaraldiko egitaraua prestatzen.
Oiartzabalek Lekuonak herriko kulturari eman dion bultzada aipatu du: “Kultur arloan gauza asko egiten dira bertan, antzerkitik hasita kontzertuetara, pailazoak, erakusketak... denetarik”. “Hortik kanpo baditugu herriko eragile desberdin askok ekitaldiak antolatu eta aurrera eramaten dituztenak”, gaineratu du. Honenbestez “Errenteria herri bizia dela esan daiteke, bizia duen herria da eta kulturalki oso bizia da”, azpimarratu du.
“Milaka eragile daude herrian, Ereintza, bertso eskola, Lau Haizetara... eta guztien artean antolatzen da kultur eskaintza anitz hori”, azaldu du.
Izan ere, astero-astero zer gozatuaz herrian dagoela ere goraipatu du: Santa Agedako koplak, inauteriak, Inude eta Artzainen desfilea, Atlantikaldia, San Tomas azoka...
“ Herrikoak gutxi joaten gara Donostiara, hemen denetarik daukagulako, astero dago kontzerturen bat ”
Nahiz eta Gipuzkoako hiriburua oso gertu izan, ez dutela bertako kultur eskaintza faltan bota-tzen adierazi du: “Donostia beste errealitate bat da, baina egia esanda hemengoak gutxi joaten gara Donostiara hemen denetarik daukagulako”. “Ikusi besterik ez da egin behar ETSren kontzertuarekin gertatu dena, lehenengo kon-tzerturako sarrerak minutu batean agortu ziren eta bigarren kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. Bigarren saio horretarako sarrerak aste honetan salgai jarri dira eta minutu batean ere guztiak agortu dira”, nabarmendu du. “Beti dago kontzerturen bat herrian: Urtz eta El Quinto Contenedor, ETS...”, hauei Errenteriako Bandak, Udal Txistulari Taldeak eta mundu mailan ezaguna den Kukai dantza taldearen emanaldiak gehitu behar zaizkie.
Herrian hainbeste eragile izanik beraien arteko hartu-emanak, elkarlanak eta sinergiak sortzen dira. “Euskaraldia adibidez, Lau Haizetarak antolatu zuen Udalaren lagun-tzarekin, baina gero herriko elkarte desberdinak gerturatu ziren ekimen desberdinekin: Kaputxinoetako auzo elkarteak sardinada antolatu zuen, Niessen elkarteak afariak egin zituen, Ozzinemak zinema euskaraz... eragile askoren laguntzaz hamabost eguneko egitarau zabal bat osatu genuen. Berdin gerta-tzen da beste arlo askotan: eragileak elkartu eta mamitsuagoa den egitaraua prestatzen dute”.
“ Elkarlan gehiago beharko genuke, eragile eta talde anitzagoak behar ditugu profil desberdinetakoak ”
Hala ere, Oiartzabalek elkarlan honetan faltan botatzen duen osagai bat “indarra” da. “Oraindik elkarlan gehiago beharko genuke eta eragile eta talde anitzagoak behar ditugu, azkenean, Lau Haizetarak antolatzen dituen ekitaldietan profil berdintsuak ari-tzen gara”.
Alabaina, etorkizun hurbilean Lau Haizetarak bere laguntzaileen eremua zabaltzeko aukera ikusten du. Lehengo astean Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikina inauguratu zen, Lau Haizetaren egoitza berria dena; eta leku berean bere lantokia izango du baita ere SOS Arrazakeriak. Euskaltzaleon Topaguneak SOS Arrazakeriarekin kolaboratzeko gogotsu dago, kultur aniztasunarekin lan egiteko.
Gaur egungo Errenteriako kulturaren egoera beraz, ona da. “Pandemia garaiak moztu zuen zerbait, baina ondoren goraka doa”, adierazi du Oiartzabalek. “Politagoak dira beti ere presentzialtasunean egiten diren ekitaldiak, pertsonen arteko hartu-emanak eta hizketaldiak sortzen direnean”.