Errenteria – San Tomas eguna ospakizun egun bilakatuko da berriro ere. Horregatik Errenteriako Jan-tziaren Zentroak gaurtik urtarrilaren 2ra arte, Kapitain etxeko sarrerako aretoan baserritar jantzien erakusketa jarriko du ikusgai. Sarrera doakoa da.
Hamahiru jantzi daude, hamar emakumezko eta hiru gizonezko. Guztiak XX. mende hasierako argazki edo jatorrizko arropen erreplikak.
Euskal Herriko hiru probintziako baserritar jantziak dira. Gipuzkoari begiratuz gero Legazpi, Beasain eta Azkoitiko jantziak, zein Zuberoako Atharratze herriko jantzi bat, guztiak jatorrizko jantzien kopiak. Horrez gain, Bizkaiko jantzi ugari, horiek argazkietako erreplikak.
Argazkiak aipatuta, erakusketan hamalau argazki daude, guztiak zuri-beltzean, garai bateko gizon-emakume zein bizitzaren islada. Baserriko atarian, lanean, kalerako bidean, elizatik atera berritan... duela mende bateko irudiak berriro ere protagonista izango dira Kapitain etxean. Gainera, pareta batean duela mende bateko Biteri eta Xenpelar kaleen arteko lotunea ikusteko aukera egongo da.
Bisita gidatuak Bestalde, abenduaren 11 eta 18an, Ramon Garciak, Errenteriako Iraultza Dantza Taldeko buruak, baserritar jantziaren inguruko hitzaldia eskainiko du erakusketan bertan. Gazteleraz egingo da bisita, eta bi txanda antolatu dira egun bakoitzean arratsaldeko 19.00etan eta 20.30ean.
Bisitan parte hartu nahi duenak aurrez izena eman behar du jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita ala Errenteriako turismo bulegora deituta (tel.: 943 494 521). Bisitak bost euro balio du pertsonako, eta ordu eta erdi iraungo du.
Erakusketa asteburu eta jai egunetan egongo da zabalik, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara eta igande eta jai egunetan 12.00etatik 14.00etara.
Eguberrietako jai egunei dagokienez, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an Jantziaren Zentroa itxita egongo da.