Gipuzkoa

Errenteria: Jantziaren Zentroak 'Inudeak' erakusketa zabaldu berri du

Hainbat erreplika, Kontxako argazkia atzean dutela. Argazkia: N.G.

Errenteriako Jantziaren Zentroak bere beheko pisuan erakusketa berri bat zabaldu zuen joan den astean inudeen janzkerari buruzkoa. "Historian atzera egin eta XX. mende hasierara bidaia berezia proposatzen da", azaldu dute Jan-tziaren Zentrotik. Inudeak erakusketa zabalik egongo da apirilaren 30era bitarte eta sarrera doakoa da.

Aretoan sartu ahala, bisitaria Donostiako Kontxa pasealekura iritsiko dela esan dute erakusketako arduradunek: "Bertan aurkituko ditu hamalau emakume ezin dotoreago jantzita, mantala luzeak, lepoko, belarritako eta ilean orratz dotoreak daramatzatenak, ugazabek lanerako, kalerako ezarritako uniformea daramate soinean. Batek besotako umea altzoan dauka eta ondoan XX. mende hasierako bi haur kotxe".

Izan ere, inudeen jantziak 1881 eta 1920 urte bitarteko Donostia, Azpeitia eta Bizkaiko argazkietatik egindako erreplikak dira. Jatorrizko argazki horietako asko aurrez aurre erakustaretoko pareta batean zin-tzilik ikus daitezke; orotara hamabost argazki.

Gainera, erakusketaren albo batean pantaila handi batean beste ehun argazki zuri-beltz, guztietan inudeak protagonista direla, proiektatzen dira.

Erakusketa honetarako, Jantziaren Zentroak Donostiako San Telmo museoaren laguntza izan du. Jakitera eman dutenez, inudeen atzealdean Kontxako pasealekuaren irudia San Telmo museoaren bildumako argazkia da. Gregorio Gonzalez Galarza argazkilari zegamarrak 1906-1910 urteen artean ateratakoa.

Zuri-beltzean egindako jatorrizko argazkiak 13x18 zm neurtzen ditu; baina 6x3 metrora handitu du Jantziaren Zentroak. Hau San Telmo Museoak Jantziaren Zentroari bilduman duen irudiaren negatiboa helarazi diolako egin ahal izan dute.

Jantziaren Zentroa Errenteriako kaxko historikoko Kapitain-etxean kokatuta dago. Beheko nahiz erakusketa iraunkorra ikusteko ordutegia larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00ak artean eta igande eta jai egunetan 11.00etatik 14.00etara da.

11/03/2022