Buscar
Gipuzkoa

Errenteria: ‘Jusmertxo’ izango da astearte honetako protagonista

Astearteko azokaren antolaketan parte hartu duten elkarteetako ordezkariak eta omenduak.
Astearteko azokaren antolaketan parte hartu duten elkarteetako ordezkariak eta omenduak.

Bi urteko etenaldiaren ostean, astearte honetan San Tomas azoka Errenteriara itzuliko da. Hala, txistorra eta taloen postuez gain, baserriko eta artisau produktuak erosteko aukera egongo da. Baita animaliak ikusi ere.

Hala eta guztiz ere, astearte honetako protagonista nagusia Jusmertxo txerria izango da. Izen hori jarri diote Juantxo Arrieta, Mertxe bere bikotekidea eta Justi koinata omendu nahi izan dituztelako, “urteetan herrigintzan bidegalagun finak” izateagatik. Gainera, urtero lez, txerriaren pisua asmatzeko tartea ere izango du herritar orok.

Aurten, antolatzaileek San Tomas Eguna ospatzeaz gain, abenduaren 21ean ere ospatzen den Neguko Solstizioan arreta jarri nahi izan dute: “Zuek guztiek agendan gordetzen duzuen egun horretan, gure arbasoen ohitura zaharrak berreskuratu eta eguzki baten jaiotza, ziklo berri baten hastapena, ospatuko dugu Orereta/Errenterian, beti ere naturari, gure lurrari, hark ematen digunari eutsita”.

Hau guztiagatik, egun osoko egitaraua atondu dute Zumardian, Foru plazan eta erdiguneko kaleetan izango diren ekintzekin.

Goizean, 11.00etan azokaren irekiera eta pregoia izango dira eta txistularien kalejira eta bertso emanaldia egongo dira. Arratsaldean, aldiz, June Galardiren kontzertu akustikoa, txapel jaurtiketa, bingo musikatua, herri kirolak, Errenteria Musikaleko dantzaldia, trikitilariak, jauziak, Deiadar txaranga eta Amulletako danborrak izango dira. Egitaraua 20.00etan amaituko da sari banaketarekin Zumardiko kioskoan.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Neguko Solstizioa nahiz San Tomas Eguna festa euskaldunak dira eta kontsumo orekatua eta ingurunearen errespetua bere baloreetan daudenez, aurreko urteko edalon-tzi berrerabilgarriak ekartzeko deia luzatu dute.

Jai honek 36 urte bete ditu eta hau posible egiteko, bere antolaketan herriko hamabi elkartek eta norbanakoek parte hartu dute, Udalaren laguntzari eta Errenteriako hainbat saltokik eta tabernak egiten dituzten ekarpenei esker.

2022-12-20T20:10:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo