Errenteriako Jai Batzordeak azkeneko hilabetetan prestatzen aritu den madalenetako egitaraua aurkeztu berri du. Aurreratu dutenez, uztailaren 21etik 25era, 110 ekitalditik gora izango dira: erakusketak, dantza, antzerkia, danborradak, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, kirol jarduerak…Gainera, 25 musika emanaldi baino gehiago izango dira, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta.
Gogorarazi dutenez, Jai Batzordearen elkarlanaren lehenengo topagunea uztailaren 21eko herri bazkaria izango da. 14.00etan hasiko da Herriko Enparantzan.
Bazkariaz gozatzeko tiketak 16 euroko kostua du helduentzat eta hamar eurokoa haurrentzat. Menu beganoa ere izango du nahi duenak; horretarako, mezua bidali beharko du kultura@errenteria.eus helbidera, behin tiketa erosita denean.
Tiketak uztailaren 12a arte izango da erosteko aukera ondorengo lekuetan: Reyna taberna (Zumardia) eta Xera Gastroteka (Xabier Olaskoaga plaza).
Alabaina, hilaren 21eko momentu handia txupinaren jaurtiketa izango da eta txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dituzte herritarrek: Mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa, Zumardiko pantaila erraldoia eta nola ez, txupinaren jaurtiketa Herriko Plazan zuzenean.
“Deialdi berezia egin nahi diogu bertaratu nahi duten elkarte zein herritar orori, jai giroan, Herriko Plazara igotzeko 18.15ean Foru plazatik egingo dugun txupinazora igoera animatuarekin”, adierazi dute Jai Batzordetik.
Era berean, azkeneko urteetan bezala, etxetik edo munduko beste edozein lekutik txupinaren jaurtiketa streaming bidez ikusteko aukera izango da, zuzenean, Herri Bizia webgunearen bitartez.
“Amaitzeko Jai Batzordearen apustua da jaiak guztion gozamenerako izatea, eta jaiez libre gozatu ahal izatea; ez dugulako ausartak izan behar, libreak baizik. Horregatik, erasorik gabeko madalenak helburu dituzten neurriekin bat egiten dugu”, azpimarratu dute.
Azkenik, astelehenetik auzo guztietan, ohiko lekuetan, madalenetako zapiak salgai daudela jakinarazi dute, sei eurotan.