Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak jaiaren edizio berria antolatuko du eta urteko programazioari hasiera emateko larunbatean Kilometroak Txikia ospatuko du Errenteriako biztanleekin.
Jaia arratsaldean burutuko da, 16.30etik 20.30era, eta, Erriola aurtengo jaiaren leloari jarraikiz, Oiar-tzun errioa izango du ardatz eta jokaleku.
Egitaraua bi tartetan bereiziko da. Hasieran, 16.30etik 18.30era, adinaren arabera antolatutako bi gune izango dira. Gabierrotako Evaristo Bozas parkea umeentzako gunea izango da, HH eta LH4 bitartekoei eskainia. Jolasak eta tailerrak izango dituzte, baita txokolatada ere. Euria eginez gero edo eguraldia lagun ez bada, Gaztañoko pilotalekura lekualdatuko da gunea.
Bigarren gunea Gernika parkean egongo da, eta gaztetxoei eskainiko zaie, LH5 eta DBH bitarteko ikasleei. Bertan parte hartzen dutenek ginkana izango dute, baita merienda ere. Eguraldiak ahalbidetzen ez badu, Koldo Mitxelenako estalpean jarriko dute gaztetxoen gunea.
Bi jolas guneetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea kilometroak.eus/agenda webgunearen bitartez. Izena emateko epea bihar amaituko da, 20.00etan.
Guneetako jolas eta jokoen ostean, 18.30ean bi guneetan ibilitakoek ibaira joko dute musikaz lagunduta, eta 19.00etan, Panierreko eta Lekuonako zubien arteko ibaiertzak betez, errioa argiztatuko dute.
Azkenik, errioa argiztatu ostean, Lino parkean emango zaio amaiera jaiari, 19.30etik 20.30era bitartean egingo den festatxoarekin. Jan-edanak izango dira bertaratzen direnentzat, ikastolako ikasleek ipinitako musika lagun dela. Zeliakoentzako eta begetarianoentzako moduko jakiak ere eskainiko dira.
Jaia ixteko, zezen suzkoa ibiliko da Linoko plazan.