Gipuzkoa

Errenteriako sei artisauk ‘pop up’ denda bat sortu dute

Habian! inkubagailuko sortzaileen lanak ikusgai egongo dira urtarrilaren 5a arte
Inkubagailuko artisauak udal ordezkariekin.

Errenteriako Habian! inkubagailuko artisauen lanak salgai egongo dira Xenpelar Etxean urtarrilaren 5a arte. Sei egilek parte hartu dute eta bitxiak, soinekoak, jostailuak eta osagarriak erosteko aukera egongo da.

Bigarren urtea da pop up denda edo denda iragankorra antolatzen dutela. Ekimen honek aukera ematen die, herritarrengan hurbil egonda, beren ekoizpena erakusteko eta zer pieza sortu dituzten, nola egin dituzten eta sorkuntza-prozesua eta produkzio-prozesua azaltzeko.

Aldi berean, gerturatzen diren herritarrek Gabonetako oparietarako aukera bikaina izango dute pieza paregabeak, ikusgarriak eta tokiko sorkuntzakoak erosteko.

Artista horiek ekoitzitako jan-tziekin edo piezekin argazkiak ateratzeko photocall dibertigarria izango du pop up dendak, eta, gainera, tailerrak eskainiko ditu egun horietan, bertaratzen diren pertsonek artisau-lanbideak ikasi eta eurek sortutako produktu bat eraman ahal izateko.

Tailerrak gaur eta abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3, eta 4an, 18.00etatik 19.00etara burutuko dira. Bost eurotako prezioa izango dute materialak erosi ahal izateko. Informazioa eta izen-ematea www.habian.eus webgunean aurkitzen dira.

Udaletik gogorarazi dutenez, Habian!, Torrekuako bere lehen bi solairuetan, artisauak hartzen ditu, profesionalizatzeko eta jasangarri izateko baliabideak eskaintzen dizkie, proiektuak garatzeko aholkularitza eta lan egin ahal izateko produkzio-ekipamendua. Eraikinean bi tailer daude egokituta, bata ehungintzako proiektuetarako eta bestea bitxigintzako proiektuetarako.

24/12/2022