Errotak euskal ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira eta Gipuzkoan, bereziki, zeresan handia eduki zuten garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Hori guztia jakinarazteko helburuarekin antolatu da Erroten Eguna, aurten, bigarren aldiz.
Aurtengo Gipuzkoako Erroten Eguna Ihurrita Errota elkartearen eta Igartzako Monumentu Multzoa kudeatzen duen Aldaberen artean antolatu da eta Gipuzkoako Kale Nagusian antolakuntza horren gainean hitz egin dugu Alex Rotetarekin batera, Ihurrita Errota Elkarteko kidearekin.
Rotetak azaldu digu aurreko asteburuan hasi zirela ekintzak eta maiatzaren 21ean bukatuko direla. 28 udalerritan egingo dira ekimenak, zehazki, Aia, Amezketa, Andoain, Antzuola, Arama, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Hondarribia, Irun, Larraul, Legazpi, Leitz-Gatzaga, Mendaro, Mutiloa, Oiartzun, Oñati, Ormaiztegi, Soraluze, Tolosa, Zaldibia, Zegama eta Zerainen.
Esan bezala, helburua da adin guztietarako tailerrak, martxak, hitzaldiak antolatzea eta, horrela, garatu dute 40 jarduera dituen programa hemen irakur dezakezue. Momentuz, lehenego asteko ekimenak gauzatu dira, baina, hurrengo astean zehar ere izango dira jarduerak.
Rotetak azpimarratu du ezin direla errotak ulertu modu orokor batean bakoitzak bere bereizgarritasunak dituelako, horiek horrela, Ihurritako Errota taldekoak Mendaroko txokolate museoko errota jarri du balioan, gaur egun funtzionamenduan dagoena.