Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak indartuko ditu martxoaren 27tik apirilaren 2ra bitartean eta maiatzaren 29tik ekainaren 4ra bitartean.
"Telefono mugikorrak dira arreta-galtze ohikoenetako bat gidatzen ari garenean". Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, mugikorra gidari askoren arreta galaraztea da. Gidatzen ari den bitartean mugikorra ez erabiltzeko helburuarekin, Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin batera, hainbat kanpaina egingo ditu.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, “gidatzen den bitartean telefono mugikorra erabiltzea oso arriskutsua da. Gidatzen ari garen bitartean eskuan eramateak, mugimenduan gauden ala ez alde batera utzita, 6 puntu galtzea ekar dezake. Baita ibilgailua semaforo batean edo auto-ilara batean geldi badago ere, zirkulatzen ari dela ulertuko baita”. Bestalde, zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko du. "Debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekarriko dute. Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen dute mugikorrean auto modua edo hegazkin modua aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. "Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko egiten dira era honetako kanpainak, eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 45 kanpainen egutegiaren barruan egiten dira", ondorioztatu dute.