Gipuzkoa

Eskola kirolari buruzko hitzaldiak, asteazkenean Zumarragan

Bost adituk hitz egingo dute, 18.00etatik aurrera, Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxea. | ARGAZKIA: A.Z.

Azaroaren 2an hainbat adituk eskola kirolari buruz hitz egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldia 18.00etan hasiko da.

Hitza hartzen lehena Oidui Usabiaga izango da. Usabiaga EHUko ikerlaria da. Kirol hastapena: errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak hitzaldia egingo du. Hitzaldi hori izenburu bereko ikerketan oinarritua dago. Ikerketa hori Eskola Kiroleko Euskal Batzordearen enkarguz egin zen. Usabiaga ikerketaren koordinatzailea izan zen. Bertan, kirol hastapenaren, espezializazio goiztiarraren, lehiatzen hasteko adinaren eta kirol jarduera aniztasunaren inguruko galderei erantzun zientifikoa ematen zaie.

Bigarren hitzaldia Iñaki Iturriotz Aldundiko Kirol zerbitzuburuak egingo du. Gipuzkoako eskola kirol ereduari buruz hitz egingo du: ezaugarriak, oinarria eta antolaketa.

Hirugarren hitzaldia Juan Aldaz soziologian doktoreak eta Isabel Abella Eusko Jaurlaritzaren Zure Taldekoak Gara taldeko kideak egingo dute. Haurren eta nerabeen babesari buruz hitz egingo dute. Azken hitzaldia Zerki enpresako Igor Altzelaik egingo du. Zerkik Urola Garaiko eskola kiroleko programa aurrera eramatearen ardura du. Altzelaik 2022-2023 ikasturteko programari buruz eta Urola Garaiko eskola kirolaren antolaketaz hitz egingo du.

27/10/2022