Juanita Larralde eta Ixabel Damborienak guztira 41 eta 38 urte eman dituzte irakasle lanetan eta Arantzako generazio askoren irakasle izan dira.
Haurrak zinetenetik izan nahi al zenuten irakasle?
Juanita– Bai, beti gustukoa izan nuen irakasle lana.
Ixabel– Nik, berriz, haurra nintzenean etorkizunari buruzko ametsak nituen. Irakaslea izatea zen nire ametsetako bat, baita hegazkinetako azafata izatea ere.
Non egin zenituzten irakasle izateko ikasketak?
Juanita– Bergaran ikasi nuen magisteritza euskaraz eta Haur Hezkun-tza UNED-en.
Ixabel– Nik Donostian ikasi nuen. Lehen bi urteetan gazteleraz ikasi nuen eta hirugarrenean euskaraz.
Zenbat urterekin eta non hasi zineten irakasle lanetan?
Juanita– 19 urte nituenean Arantzako Ikastolan hasi nintzen. 1988an Arantzako Ikastola eta Eskola Publikoa elkartu egin ziren eta geroztik Arantzako Eskolan Haur Hezkun-tzan aritu izan naiz lanean, guztira 41 urtez.
Ixabel– Ni 22 urterekin hasi nintzen Arantzako Eskolan eta guztira 38 urte eman ditut bertan lanean.
Asko aldatu al da irakaskuntza urte guzti hauetan?
Juanita– Bai, asko aldatu da. Taldeak orain txikiagoak dira, hasieran 35-38 ikasle artean izaten genituen. Baliabide pertsonalak, materialak eta materiala prestatzeko era ere asko aldatu dira. Adibide moduan, lanean hasi nintzenean fotokopiadorarik, inprimagailurik eta ordenagailurik ez zegoen eta fitxak beste era batera prestatzen genituen.
Arantzako generazio askoren irakasle izan zarete. Ikasle ohien maitasuna antzematen al duzue kalean?
Juanita– Lanean ari nintzen bitartean ez nuen horretan pentsatzen eta nire lanean zentratzen nintzen. Jubilatu nintzenean, ordea, sorpresa handia hartu nuen bai guraso, irakasle, ikasleen eta herriaren partetik. Horrek hunkitu egin ninduen eta zerbait ere ongi egin izango dudala pentsatu nuen. Oraindik ere emozionatu egiten naiz, oso polita izan zen dena eta orduan ikusi nuen nire lana oso eskertua izan zela.
Ixabel– Ni ere eskolako komunitate osoaren, ikasleen, irakasleen eta gurasoen hurbiltasun eta esker onaz jubilatu nintzen egunean konturatu nintzen eta beti nirekin eramango dudan zerbait da.
Nola aldatu da zuen bizitza jubilatu zaretenetik?
Juanita– Erlojua alde batera utzi dugu eta beste gauza batzuk egiteko erabiltzen dugu denbora. Adibidez, egunero menditik buelta bat ematen dut, bidaiatzen dut, nire ilobaz disfrutatzen dut… Lehenago gustuko nituen gauzak egiten saiatzen naiz.
Ixabel– Nire kasuan, burua pila bat lasaitu zen eta kezkak izugarri arindu zaizkit. Lanean nenbilela, nire burua denbora osoan gauzak egin beharrean zebilen eta jubilatu nin-tzenetik plano-plano gelditu zen. Nik ere gustuko ditudan gauzak egiten ditut eta lehen presaka egiten nituen gauzak orain motelago egiten ditut.
Faltan botatzen al duzue irakaskuntza?
Juanita– Une honetan beste gauza batzuetan murgilduta nago baina irakaskuntzari dagokion gaia ateratzen bada, interesa jartzen dut. Izan ere, nire barrenean irakaskun-tza nire gauza bat dela sentitzen dut, oraindik ez dut urrun sentitzen.
Ixabel– Niretzat, berriz, amaitutako etapa bat da eta beste gauza ba-tzuekin betetzen dut nire egunerokoa. Hala ere, Arantzako Eskola nire bigarren etxetzat dut, bizi erdia baino gehiago bertan pasatu dudalako.