Irun – Bi astez jokatu ezinda eduki duen koronabirusaren arazoa gainditu du jada Bidasoa-Irunek, eta hasteko, European Leaguen lehiatuko da Artalekun, faborito izango den Wisla Plock talde poloniarraren aurka (20.45ean).
Berrogeialdi luzea Asobal Ligako bigarren postuan hasi zuen talde gipuzkoarrak; bigarren postu hori une honetan Logroñok kendu dio birtualki, eta guztira, ligako bi partida eta Europako beste bi utzi behar izan ditu jokatu gabe. Itxura batean, bere multzoan bigarren postuan dagoen talde poloniarren aurkako norgehiagokan antzeman beharko lukeen erritmo falta, garesti atera dakioke txapelketa kontinental honetan.
Bere taldean dituen estatuko jokalarien erritmoan funtzionatu ohi du Wisla Plockek: Valladoliden jokatutako David Fernandez ezkerra, Niko Mindegia erdiko atzelari nafar bikaina edota Abel Serdio pibotea. Horrez gain, taldea Xavi Sabatek zuzentzen du, eta berez fisikoki indartsua zen taldeari Europa ekialdean ezagun ez den bestelako eskubaloi estiloa ematea lortu duenez, poloniarrak gero eta ahaltsuago bihurtzen ari dira.
Bidasoa laugarren dago sailkapenean, beraz, hurrengo fasera pasa-tzeko aukera ematen duen postu horri eutsi beharko dio. Inolaz ere, garaipen bakarra lortu du orain arterakoan, eta puntu berdinekin Tatan Presov eslovakiarra eta Pfadi Winterthur suitzarra dituenez, edozein aurkariren kontra puntuak ba-tzeko premiaz dago.
Irundarrek bi partida jokatu dituzte etxean, suitzarrei irabazi egin zieten eta Toulouseren aurka, aldiz, galdu. Frantziarrek, gainera, nahikoa erraz galdu zuten Wisla Plocken aurkako partida, beraz, ez da batere erraza izango etxean puntu horiei eustea; nahiz eta gauza jakina den, presio handirik gabe talde bidasotarra edozeini nagusitzeko gauza dela.
Partida maratoi baten lehena izango da honako hau, covid kasuen ondorioz Bidasoak lau partida baititu berreskuratzeko, eta ez duelako atsedenerako ia betarik izango, Hungariako eta Eslovakiako Europako Txapelketaren ondorioz Gabonetan izango den etenaldira arte.