Buscar
Actualidad

Espainiako Bankuak atzeraldiaren aukera urrunago ikusten du

2024rako inflazioa handiagoa izan daiteke Espainiako Gobernuak talka neurriak erretiratzen baditu
Pablo Hernández de Cos, Espainiako Bankuko gobernadorea. | ARGAZKIA: E.P.
Pablo Hernández de Cos, Espainiako Bankuko gobernadorea. | ARGAZKIA: E.P.

Espainiako Bankuak goranzko joerarekin berrikusi du -hamarren bat- 2022ko Barne Produktu Gordinaren hazkundearen aurreikuspena, %4,6raino; aldiz, 2023rako proiekzioa beste hamarren bat murriztu du, %1,3raino, batez ere kanpoko testuinguruak okerrera egin duelako. Pablo Hernández de Cosek zuzentzen duen erakundeak beherantz berrikusi du baita ere, bi hamarren, BPGren batez besteko hazkundea 2024rako, %2,7an ezarriz; nagusiki, energia-krisiaren eragina murrizteko 2022an indarrean egongo diren neurrien zati bat 2023ra ere zabaltzea litekeena delako, eta 2024aren hasieran neurri horiek kentzeak ekitaldi horren jardueran “eragin negatibo txiki bat izatea” ekarriko duelako. Horiez gain, 2025erako ekonomiaren hazkundeari buruzko proiekzioak ere estreinakoz argitaratu ditu erakundeak, %2,1ean kokatuz.

Atzo argitaratutako Espainiako Ekonomiaren Hiruhileko Txostenaren arabera, aurreikusitako ibilbide hori beteko balitz, Espainiako ekonomiaren BPGk 2023aren amaieratik 2024aren hasierara bitartean berreskuratuko luke pandemiaren aurreko maila. Txostenaren arabera, urtearen azken zatiko jarduera ekonomikoaren dinamismo-maila hirugarren hiruhilekoan erregistratutakoaren antzekoa izango da. Inflazio-presioek eta ziurgabetasun handiak eragindako kontsumoaren ahultasuna da laugarren hiruhilekorako aurreikusitako BPGren aurrerapen apalaren atzean dagoen faktore nagusietako bat, soilik %0,1 haziko bailitzateke, hirugarren hiruhilekoan lortutako %0,2arekin alderatuta.

Espainiar ekonomiaren “erresilien-tzia nabarmena” azpimarratu zuen Angel Gavilan Espainiako Bankuko Ekonomia eta Estatistikako zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, 2023ko lehen hiruhilekoan, bilakaera ekonomikoa gutxi gorabehera laugarren hiruhileko honetakoaren an-tzekoa izango omen da. Aurreikuspen horiek betez gero, Espainiak atzeraldi teknikoko egoeran sartzea saihestuko luke – bi hiruhilekotan jarraian BPGren uzkurdura –, baina Gavilánek argi utzi nahi izan zuen “ezin dela inolako egoerarik presaka baztertu, hain aldakorra den testuinguruan egonik”. Espainiako Bankuak eskainitako aurreikuspenen arabera, datorren urteko bigarren hiruhilekotik aurrera hazkunde ekonomikoak pixkanaka indarra berreskuratuko du, besteak beste, inflazioaren presioak pixkanaka gutxitzearen ondorioz eragileen errenta errealak hobetzen diren heinean, kanpoko merkatuak berreskuratu ahala, eta Next Generation EU programari lotutako inbertsio-proiektuak hedatzen diren neurrian.

Gainera, inflazioaren ondorioak arintzeko hainbat neurriren luzapenak beste lau hamarren gehituko dizkio datorren urteko BPGren hazkundeari. Hala ere, Espainiako Bankuak adierazi duenez, 2023ko amaierara arte luzatu beharrean, aurreikusitako laguntza-neurri horiek soilik datorren ekainaren amaierara arte luzatuko balira, 2023ko batez besteko inflazioa agertoki horretan zehaztutakoa baino zazpi hamarren handiagoa izango litzateke, eta BPGren aurrerapena, berriz, hamarren bat txikiagoa.

Erregaien prezioaren gaineko hobaria 2023aren amaierara arte luzatuz gero, urte horretako batez besteko inflazioa sei hamarren murriztuko li-tzateke aurreikuspen zentral horrekiko, baina kopuru hori bera igoko li-tzateke 2024an.

2022-12-22T07:40:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo