Bilbon ikasten hasi zirenean ezagutu zuten elkar Idoia Tapiak (Iruñea, 1998) eta Irati Velezek (Tafalla, 2002). Biek arte dramatikoa ikasten dute, Dantzertin, eta hasiera-hasieratik elkarrekin zerbait sortzeko grina izan dute. Sastakai horrela sortu da, laguntasunetik: "Ez geneukan helburu zehatz bat, edo kontatzeko istorio zehatz bat, motibazioa izan zen elkarrekin lan egitea", azaldu du Tapiak.
Antzerki taldea osatu du bikote nafarrak, eta bi ardatz zentral ditu: euskara eta gaztetasuna. "Gaztetasunetik eta euskaratik, gazte euskaldunei zuzenduriko antzerkia egin nahi duen taldea da". Hitz horiekin definitu dute sortzaileek Sastakai. Gazteek dituzten problematiken inguruan eta haien errealitateen inguruan aritu nahi dute, umoretik, batez ere. Horrez gain, antzerkia gazteei hurbiltzea dute helburu. Askotan antzokietako edo kultur etxeetako programazioak gazteen beharrak asetzen ez dituela uste dute, eta horrek, gazteak antzerkiarengandik urruntzen dituela. Horregatik, programazio horiek aldatu eta toki horietara gazteen interesekoak diren emanaldi gehiago eramatea aldarrikatzen dute. Baina, batez ere, uste dute, antzerkigileen ardura dela antzerkia gazteengana hurbiltzea: "Horretarako ulertzen dugu beharrezkoa dela antzerkia beste toki batzuetara eramatea, gazteak dauden tokietara: gaztetxeetara, tabernetara, herriko plazetara, txosnetara… ". Eurentzat oso garrantzitsua da hori ere, antzerkia kalera atera eta hartara, gazteei gerturatzea.
Hilerokoa mintzagai
'Odoland' du izena haien lehenengo proiektuak. Sortze prozesuan murgilduta daude orain, baina hilabete gutxi barru estreinatzeko helburua dute. Hilerokoaren inguruan aritzen da ikuskizuna. Era guztietako bizipenak, errealitateak eta iritziak bildu nahi izan dituzte, izan ere, hilerokoa bizitzeko milaka modu daudela uste dute: "Hilerokoarekin kriston konexioa duten pertsonak, inolako konexiorik ez dutenak, genero disidenteetan hilerokoa bizi dutenak… guzti hori biltzea interesatzen zitzaigun, jasotakotik abiatuta umorea eta satira egiteko", azaldu dute. Bizipen eta iritzi horiek ezagutzeko ikerketa bat egin zuten. Hilerokoaren inguruko inkesta bat prestatu zuten eta nahiko arrakastatsua izan zela adierazi dute: "400 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, ez genuen inolaz ere hori espero. Guretzat oso motibagarria izan zen, ikusten genuelako jendeak bazuela interesa eta ideiak erakartzen ziola". Guztiak irakurtzea lan handia izan zela aitortu dute, baina indar asko eman ziela. Istorio eta esperientzia horietatik abiatuta gaia lantzen hasi ziren. Batzuetan bozetoak idazten, besteetan objektuekin jolasean… Eta horrela sortu dute daukaten piezaren zati handi bat.
Adierazi nahi duten beste aspektu bat da "dena ez dela zoragarria". "Batzuk ez dugu inolako konexiorik sentitzen gure menstruazioarekin, baina beste batzuetan bai, aldakorrak eta ziklikoak gara, ez bakarrik menstruazioa dugulako, baizik eta bizitzan zehar aldatzen garelako", kontatu du Tapiak.
"Oso dibertigarria izaten ari da", sortze prozesuaz ari da Tapia: "Irati eta biok oso ondo ulertzen dugu elkar, eta oso lagunak gara". Elkarrekin lan egiterako orduan hori oso garrantzitsua dela uste du.
Beka jaso dute
Elkar ezagutu zutenetik nahi izan dute zerbait sortu, baina beti airean geratzen zen gauza bat zen. Tapia, apirilean, Aulestin (Bizkaia) Artedramak antolatzen dituen topaketetan izan zen praktikak egiten. Benetan inspiragarria izan zela adierazi du: "Oso berezia izan zen hor egotea, antzerki munduko jendeaz inguratuta. Nire oharrak hartzen nituen, eta bertan otu zitzaidan hilerokoaren inguruan zerbait sortzea". Kasualitatez, segituan, beka deialdi baten berri izan zuen. Errenterian (Gipuzkoa) egiten den Eztena jaialdiaren baitan, Zizterberg izeneko beka eskaintzen dute. Urtero zerbait desberdina antolatzen du Eztena jaialdiak, sormenari eta sorkuntza berriei lekua emateko. Beka eskuratzeko lehenengo pieza bat edo work in progress bat aurkeztu behar zen, proiektuaren nondik norakoak erakutsiz. Sortzen hasteko puntu bat, hori zen baldintza bakarra. "Guk 'protodosier' bat egin genuen, guri buruz hitz egiten, taldeari buruz, batez ere". Horrez gain, hogei minutuko pieza bat sortu zuten, esketxez osatua, haien ideia erakusteko.
Hogei minutuko pieza hori garatzen ari dira orain, ikuskizun luzeagoa eskaini nahi dutelako. Horrez gain, argi dute Sastakai ez dela lan honekin hasi eta amaituko. Honen ostean proiektu gehiago sortzeko helburua dute. Baina momentuz, lehenengo lan honetan zentratuta dago bikotea.
Estreinaldirako oraindik ez dute data finkorik, baina urte amaierarako edo urtarrila hasierarako prest izatea espero dute. Argi dute estreinaldia Iruñean egin nahi dutela, eta lekua pentsatzen ari dira. Horren ostean, Iruñeko Txantrea auzoan eta Tafallan emanaldiak egitea gustatuko litzaieke.