Cultura

Esperantzaren izpiak

Haize freskoaren beharrean dago ogibidea. Itxaropentsua izan ez arren, badira ilusioa sortzen duten estudioak
Anarte arkitektura estudioaren SAR_3X3 etxebizitza proiektua.

Gazteak, hasiberriak, interesgarriak, jatorrak eta onak dira. Esaldi honek hirukotearen lana definitu dezake eta aldi berean laudorio hauek euren jarduna mugatu dezakete. Izan ere, etiketa bat jartzea muga bat jartzea izango litzateke eta beraien ibilbidean karga bat izan daiteke. Egia da euren lanetan hari bat nabaritu daitekeela eta hori soilik deskribatzea ere jarduna mugatzea izango litzatekeela. Orain arte mugak gainditzen ibili dira eta oraindik zerumuga urrun dutelakoan nago.

2016an amaitu zituzten arkitektura ikasketak eta ogibidean beraien kabuz jarduten direnen adibide duin bakanetakoak dira. Hasieratik zailtasunez betetako bidea izan duten belaunaldi gisa deskribatu daitezke. Lehen urratsak jorratzera atzerrira joan ziren Maddi, Naiara eta Eneko. Hurrenez hurren, Bartzelonan, Belgikan, eta Sevillan ikasitakoa egindako proiektuetan nabari daiteke, ibilbide motza izan arren, sakonera handiko jarduna gauzatzen dute.

2020an hiruren bideak elkartu eta Anarte estudioa sortu zuten. Arkitektura espazio eta denboran bitarteko gisa definitzen dute. Hitzak berak, anartean, bitartean eta tartean esanahiekin, espazio eta denborari buruzko hausnarketa egitera eraman ditu. Denboraren faktorea proiektuen ekuazioan sartzeak hirukotearen potentzialtasuna eta nahiak erakusten ditu. Izan ere, materialtasun bilaketak eta konfigurazio berriek arkitekturaren birplanteamendua ekarriko dute gurera. Edo baliteke apustu eta iragarpen hori erdibidean gelditzea.

Argi dagoena da ibilbide motz honetan proiektu benetan interesgarriak egin dituztela, betiere eskala txiki batean eta arkitekturan planteatzen diren erronkei erantzun argiak emanez. Nahiz eta batzuetan beraien helburuak guztiz ez lortu, proiektuak kalitatezkoak eta freskoak dira. Eta dirudienez oso argi dute arkitekturen erabiltzaileen beharrak nola soluzionatu. Orrialde honetako hiru proiektuek estudioaren potentzialtasuna erakusten dute.

Anarte arkitektura estudioaren BEN etxebizitza proiektua. Anarte Arkitektura

BEN proiektuan esaterako, interbentzio puntualekin eraldaketa maximoa lortzen dute. Etxebizitzaren barrualdera argi naturala iristeko arazoa soluzionatzea dute helburu. Horretarako, egongela bere ondoko gelarekin elkartzen da, pasabidea desagerraraziz, eta sukaldean leiho bat irekitzen da. Logeletan aldiz, kaxa garden bat ezartzen da sarrerak egiteko eta eguneko espazioarekin filtro bat sortzen da. Horrek argi naturala etxebizitza barrura sartzea ahalbidetzen du. Bide batez, oso interesgarria iruditu zait kutxa, gutxirekin asko lortzen baita.

Eraikinen barne konfigurazioari eta fluxuei garrantzia ematen diote, eta SAR_3X3 etxebizitza horren adierazle da. Hiru gela nagusi planteatzen dituzte eta hiru erlazio ezberdin gauzatzen dira. Lehena, eta normalena, kanpora irekitzen dira. Bigarrena barnean da, gela bakoitzak sarrera indibiduala du, pasabidetik egiten dena. Azkena eta interesgarriena, gelen arteko zeharkako erlazioa da. Estantzia bakoitza albokora irekitzen da, espazioen jarraitasuna lortuz eta eguzki izpiak etxebizitza osoan zehar zabalduz. Erlazio horrek bestelako fluxu batzuk eta espazioa okupatzeko beste era batzuk ahalbidetzen ditu.

KB etxean aldiz, nukleo bat ezarri dute erdian eta honen inguruan perimetro neutro bat planteatzen dute. Nukleoan bi komunak daude eta eguneko espazioak ixteko ateak. Pasabide tradizionalarekin apurtzen dute eta bestelako zirkulazio bat planteatzen da. Perimetroan aldiz, aurrera begira malgua izan nahi duen logela eremu bat proposatzen dute, denbora faktorea presente izanez. Adibidez, hasiera batean logela nagusiaren jantzigela izango den espazioan etorkizunerako hirugarren logelarentzat tokia aurreikusten da. Kasu honetan ere, fatxada nagusiko argiztapen naturala ahal bezain beste aprobetxatzeko hautua egiten dute.

Anarte arkitektura estudioaren KB17 etxebizitza proiektua. Anarte Arkitektura

Lekuaren berezitasunetik abiatuta proiektatzen dute eta etengabeko aldaketen garai hauetan planteamenduek malgutasuna ahalbidetzea dute helburu. Testuinguru honetan soluzio eta planteamendu berriak nabari dira proiektuetan eta bide horretan esperantza dut belaunaldi honek izpi freskoak ekarriko dituela arkitekturara. John Bergerrek zioen itxaropena nahiago zuela utopia baino. Utopia aurrefabrikatua dator, jarraibideak dituen eredua da, eta itxaropena aldiz, eraiki beharreko lurraldea da. Itxaropenaren lurraldean eraiki daitezkeen izpiak dira honakoak, etiketarik gabe.

26/01/2023