Buscar
Cultura

“Espero dut emakumeek plazetan duten zentraltasuna mantentzen jarraitzea”

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean bere izena txapeldun bezala iragarri zutenetik 24 ordu igaro ez direnean, Lujanbiorekin hizketan aritu gara
Maialen Lujanbio
Maialen Lujanbio

Nekatuta, lo gutxi eginda eta oraindik finalaren zurrubiloan sartuta, baina pozik. Halaxeko aldartearekin esnatu da Maialen Lujanbio, igandean Iruñean ospatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren biharamunean. Amets Arzallusekin batera buruz-burukoa jokatu ondoren nagusitu zen Lujanbio, bere hirugarren txapela bereganatuz. Bertsolaritzaren historian mugarri bilakatzeko osagai guztiak izan dituen txapelketa, zalantzarik gabe.

Finala bukatu ahala finala lantsua suertatu zitzaizula aipatu zenuen. Sentsazio berdinarekin jarraitzen duzu hurrengo egunean?

Zaila da niretzat balorazio zehatz bat egitea oraindik. Jendeak esaten dizunarekin gelditzen zara, askotan zure bizipenek horrekin zerikusirik ez badute ere. Atzo, nekearen sentsazioa neukan, lan asko egin behar izanarena. Baina hori denborak ahaztuarazten duen zerbait badela uste dut, ondoren ateratzen dela lanaren emaitza eta eder guztia. Oraindik, hala ere, kostata ateratako saioen oroitzapena daukat, nahiz eta neke hori, pixkanaka, apaltzen ari den.

Orokorrean, goizeko saioa zurrunagoa suertatu zen, nahiz eta ordurako jada aurrea hartua zenuen. Nola sentitu zinen goizean zehar?

Egia esan adartez ongi nengoen, ez bereziki estu, baina gehiago kostatu zitzaidala uste dut. Burua lainoago, pixka bat lotuago neukan. Gaiak ere ez nituen gustokoenak izan, zailak iruditu zitzaizkidan… Ez nuen argitasun bete-bete bat aurkitzen eta horregatik aipatu nuen lantsua iruditu zitzaidala, lan egin behar izan nuelako aurrera egiteko. Argitasuna eta txispa ez zen ateratzen. Aldi berean, lan horrekin aurrera egiten nuela ere sentitzen nuen.

Jendartean zure izena aipatzen zen eguerdi partean… Nola pasa zenituen ordu horiek?

Ez da erraza izaten. Tentsioari eutsi behar diozu eta aldi berean nekatuta zaude. Tarte horretan, atsedena hartu eta tentsioa mantendu behar duzu, nahiko ariketa kontrajarria dena berez. Gure artean, denak ere estu xamar baina aldi berean gustora geunden. Bazkaldu, kontuak esan, pasiatu… Horrela pasatu genuen tarte hori.

Gaiekiko ongi ikusi zitzaizun arratsaldean, umoretik tiraka behar zenean, zehaztasunez, bertsoak betez… Eroso sentitu zinen egokitu zitzaizunarekin?

Egia esan arratsaldean beste aldarte batekin atera nintzen. Alde batetik, saioaren puska handiena egina zegoelako; eta bestetik, niretzat lehenengo saioa zenez, zeregin handiena egina nuelako. Egina eginda, bigarren puska bakarrik gelditzen zen. Gaiekin ere gustorago egon nintzen, batez ere hamarreko txikian eta bakarkakoan.

Bakarkakoa izan zen, hain zuzen ere, zure ariketen artean puntu gehien bildu zituena. Txapeletik hurbilago ikusi zenuen zeure burua une hartan?

Txapela oraindik urrun ikusten da momentu hartan. Bestalde, nire helburua ere ez zen hainbeste txapela eskuratzea, baizik eta banaka-banaka joatea eta bertsoaldi dotorea egitea. Bakarkakoarekin, behintzat zerbait borobil xamarra egin nuela sentitu nuen: zentzu bat, borobiltasun bat, forma txukuna… Gustoren sentiarazi zidan ariketa izan zen. Buruz-burukora pasatzeko aukera eduki nezakeela ere pentsatu nuen momentu horretan. Baina, batez ere, gustora gelditu nintzen hiru bertso horiekin.

Buruz-burukoan, 2013ko argazki bera, Ametsekin. Zer sentitu zenuen zure izena entzun zenuenean?

Poz handia hartu nuen. Aurten zuzenean finalera sartzen nintzenez, prest nengoen edozertarako, edozein postu ontzat hartuko nuke baldin eta saio ona egin izan banu. Baina buruz-burukora pasatzeak poz handia eman zidan, alde batetik helburua beteta zegoelako eta, bestetik, Ametsekin pasatzeagatik. Beregatik eta biongatik. Izan ere, baditugu buruz-buruko ba-tzuk eta elkar asko estimatzen eta miresten dugu, harreman estua daukagu. Beste edozeinekin ere polita izango zen, beste esanahi batzuk hartuko zituen, baina Ametsekin egiteak poz handia eman zidan. Baita beregatik ere, txapelketa hari ere lantsua egin zitzaiolako eta horretara iristea lortu zuelako.

Akaso finalaren unerik distira-tsuena izan zen, izugarrizko bertso erakustaldia osatu zenuten bien artean, bai ‘Iparragirre abila dela’ doinuan, baita zortziko txikian ere. Gozatzen ikusi genizuen eta publikoak, aldi berean, gozatu ederra hartu zuen zuekin.

Bai, niretzat ere momentu ederrena izan zen. Momentu ederrena edo, behintzat, nire burua argien ikusi nuena. Bat batean izugarri erlaxatu ginen eta, elkarri hartu bagenio bezala, gozo eta zorrotz, saio eder bat egitera atera ginen. Halaxe izan zen, jendea barrez sumatzen zen, gu ere asmatzen… Uste dut hori izan zela momentu argitsuena eta ederrena.

Publikoak eta bertsolariak bat egiten duten momentu horietako bat izan zen. Nola iristen zi-tzaizuen zaleen babes guzti hori oholtzara?

Publikoak asko laguntzen du beti. Bertsoak duen ezaugarrietako bat da publikoa beti denen alde egoten dela, denei laguntzen digula, eta hori ez da gauza askotan pasatzen. Buruz-burukoa, gainera, umoretik lehertu zen, jendea barrez eta txaloka sumatzen denean ederra da.

Hirugarren txapela zuretzat. Atzo aipatu zenuen txapel bakoitzak badaukala bere testuingurua eta bere esanahia. Zer da txapel hau zuretzat?

Txapel honek baino, txapelketa honek esanen nuke izan duela esanahi berezia. Finalak zuen itxurak zuen esanahi berezia, baita Iruñean izateak ere. Horrek asko motibatu ninduen. Txapelketan belaunaldi aldaketa bisibilizatzeak eta emakume gehiago finalera iristeak bazuen bere esanahia. Finalean talde hori osatu zenean, helburua beteta neukan. Txapela horren gehigarri bat izan da, bertsolaritzaren historiako mugarri horri jarritako ginda moduko bat.

Aipatu izan da txapelketako final honetaz esangura handiko finala ere bazela: lehenengo aldiz Nafarroan, lehenengoz hiru emakume oholtza gainean… Nola esango zenuke gorpuztuko dela guzti hori?

Ez dakit gero zein den emango duen emaitza, baina espero dut emakumeen presentziak plazetan daukan nagusitasuna edo zentraltasuna mantentzen segitzea. Pentsatu gabe dena lortuta dagoela, uste dut aurrerapauso bat eman dela alde horretatik. Gazte belaunaldia plazetan oso presente dago, gure belaunaldia baino gehiago esango nuke, eta txapelketa honek ere eman diezaioke indarra horri, baita erreferente berriak ere. Gure lurralde guztian final honek oihartzun bat edukitzea espero dut.

‘Erreferente’ hitza ere aipatu izan da zure izenaren ondoan, hala adierazi zuten ere finalaren ondoren Alaia Martinek zein Nerea Ibarzabalek. Zer esan nahi du zuretzat erreferente izate horrek?

Ez da nik bilatu duten zerbait, horrela gertatu da. Beraientzat balio badu niretzat pozgarria da, nolabait ohore bat ere. Baina niretzat ere kristoren suertea da beraiekin harremanetan egotea, plazaz-plaza eta bertso eskolan, dialektika bat edukitzea, beraien munduaz jakitea, belaunaldi gazteen ikuskera ezagutzea… Bertsolaritzak badauka hortik, belaunaldi arteko harremanak jarraiak izaten dira. Ni izan naiz gaztea eta orain zaharrenetakoa naiz, eta suertea dela uste dut gazteek gurekin ere aritu nahi izatea eta konpartitu nahi izatea.

Hortik ere asko izan du txapelketa honek, ezta?

Bai, bertsolari gazteak datozten heinean, euren ikuskera eta mundua etortzen da. Zorionez hala da, eta denok aberasten gaitu, helduak, gazteak, gizonak, andreak eta denak. Bertsolaritza aberasten du.

2022-12-21T07:51:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo