Buscar
Cultura

“Estereotipoekin hautsi nahi izan dugu; emozioak generoa baino haratago doaz”

“Estereotipoekin hautsi nahi izan dugu; emozioak generoa baino haratago doaz”
“Estereotipoekin hautsi nahi izan dugu; emozioak generoa baino haratago doaz”

Aurreko edizioan,edukiera murriztua eta segurtasun-neurri zorrotzak aplikatu ziren, baina Araiako XXIX. Umorearen Jaialdia Araia- Asparrena bueltan da indarrez. Jaialdiaren edizioa berriro hasiko da, edukiera murriztua gabe, eta munduko hainbat lekutako antzerkia eta umorea proposatuko ditu. Aurten, programazio zabala eta berrikuntza ugari dakartza umorezko jaialdi honek. Nobedade horien artean dago Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioaren azken lana. Lan honen produktorea eta aktorea da Kepa Errasti. Zertaz doa obra hori? Ander Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa bertan parte hartzeko asmoz. Autostopean ari dela, Mariok jasoko du bere kamioian. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Berezia izango da elkarrekin egingo duten bidaia, batez ere, Masku izeneko pertsonai misteriotsuak baldintzatuko duelako. Lan honek XXI. Donostia saria jaso du. Epaimahaiak erabaki zuen 2020an Donostian eskainitako lanik onena zela, arrazoi askorengatik. Epaimahaiaren esanetan, “antzerki lan horrek maskulinitatearen gaia oso ondo lantzen du eredu desberdinak erabiliz eta ohiz emakumearekin lotzen den kantu mota bat, fadoa, abiapuntutzat hartuta”.

Umorezko Antzerki jaialdia bueltan da Araian, bere 29. Edizioan eta % 100eko edukiarekin, beste urteetan koronabirusaren pandemiak eragindako mugen ondoren. Askotariko programazioarekin itzuliko da.

–Bai, eta pozgarria da hori. Guretzako luxua da Araia moduko plaza batean antzeztu eta gure lana aurkeztu ahal izatea.

Programazio horren artean, nabarmentzekoa da Fadoak entzuten zituen gizona lana XXI. Donostia Antzerki Saria jaso duena. Zertaz ari da?

–Txikitako bi lagunen bidaia bat kontatzen du. Haietako bat kamioilaria da eta bestea autostop egiten jasoko du. Portugalera bidean doa bata eta bestea Ayamontera (Huelva) fado lehiaketa amateur batean parte har-tzera. Bidean, elurte baten ondorioz, harrapatuta geratuko dira eta bertan pasa beharko dute gaua. Masku izeneko pertsonai misteriotsu batek hankaz gora jarriko du kamioi barruan pasatu behar duten gau hori.

Testu sakon baina umoretsuarekin, maskulinotasunari buruz eztabaidatzen da lan honetan. Obran, gai honi buruz galdera asko erantzuten dituzue. Zein testuinguru eta zentzutan lantzen duzue gai hori?

–Aipatutako bi pertsonaiak oso ezberdinak dira. Beraien izateko moduari buruz eta bizitza ikusteko moduari buruz eztabaidatuko dute obran zehar. Gai sakona izan arren, modu arinean hitz egin nahi genuen maskulinitateari buruz eta estereotipoak hautsiz. Auzi horri buruz modu irekian hitz egin nahi genuen obran eta Maskuren pertsonaia giltza garrantzitsua izango da horretarako.

Gizonak sentikorrak ere badira?

–Jakina izan daitezkeela eta hori azpimarratu nahi izan dugu obran. Emozioak generoa baino haratago doazen zerbait dira. Aipatu dugun bezela, estereotipoekin hautsi nahi izan dugu. Masku bera ere, emakumea izanda, normalean emakumeak azaltzen ez diren erregistro batean azaldu nahi izan dugu.

Zer espero du gizarteak gizonengan?

–Gizartea tematuta dago gauzak sailkatzearekin eta pertsonekin ere gauza bera egiten du. Gizonen kasuan seguruak eta indartsuak bezala ikusten ditu.

Zer beste gogoeta eztabaidatzen dira obran?

–Maskulinitatearen bueltan dauden gaiak jorratzen ditugu orokorrean. Sentiberatasuna, apegoa, beldurrak, gizonen arteko harremanak, nostalgia… Gai unibertsalak dira baina generoaren ikuspegitik sozialki modu ezberdinean erakusten zaizkigunak.

Nola sortu zen lan hau sortzeko ideia, zer gustatzen zaizue gehien eta zer da zailena?

–Gure antzezlanetan beti gustatu izan zaigu gaiak umoretik tratatzea eta oraingoan ere horretan saiatu gara. Gaiak umoretik publikoarengana askoz hobeto iristen direla iruditzen zaigu. Asko dibertitzen gara obra hau egiten eta hori luxua da. Bestalde, publikoarekin jolastu eta jokoz kanpo uztea atsegin dugu eta kasu honetan ere horretan saiatu gara. Zailena gure lanbide honetan, emanaldiak ixtea da, baina zentzu horretan oso zortedunak sentitzen gara kontuan hartuta zein egoeratan estreinatu genuen.

Pandemian, kulturak kolpe handia hartu zuen. Nola bizi izan zenuten denboraldi hori?

–Ahal den moduan. Antzokiak ireki berri estreinatu genuen obra eta datorren asteburuan berriz itxiko zituzten ezjakintasunarekin. Hala ere, oso zortedunak izan ginen emanaldi guztiak egitera iritsi ginelako eta antzokia publikoz beteta ikusteko aukera izan genuelako. Egoera horretan jendearen barre algarak entzutea bálsamo moduko zerbait izan zen.

Normaltasunera itzuli zarete?

–Bai, eta zentzu batean zoritxarrez, tabernak itxita zeuden garaian, jende gehiago animatzen baitzen an-tzerkira etorri eta kultura kontsumitzen. Jendeak gogoeta egin beharko luke horren inguruan, jabetzeko zerk mugitzen gaituen benetan gizarte moduan.

Zein da zuen hurrengo lana?

–Momentu honetan gure hurrengo antzezlanaren lehen haziak ereiten ari gara. “Post Datarik gabeko gutunak” izena izango du eta bakardadeari buruzko gogoeta bat izango da. 2023ko maiatzan estreinatu dugu Tolosan.

2022-08-14T07:30:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo