Buscar
Cultura

Eta zure bikotekidea ikusezina balitz?

‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ Antzoki Zaharrean estreinatuko da bihar. |
‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ Antzoki Zaharrean estreinatuko da bihar. |

Komedia eroa. Hori da, hain zuzen, Tentazioa konpainiak bere azken obrarekin eskaini nahi duena. Bihar estreinatuko dute Ez naiz inoiz Dublinen egon lana Donostiako Antzoki Zaharrean eta etzi berriro eskainiko dute. Igandean, aldiz, gaztelaniazko bertsioa ikusteko aukera izango da.

Azken urteotan, Aitziber Garmendia atsedenik hartu gabe dabil, lanez lepo. Bera da Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlan honen protagonista. Aldi berean, Tentazioak berak ekoiztu duen Sexberdinak/Sexpiertos obrarekin biran jarraitzen du. Madrilen, gainera, ikus-entzunezkoen arloko hainbat lanetan murgilduta ere badabil –Carlos Vermuten Manticora filmean ikusi ahal izan dugu azken asteotan–.

Antzezlanaren izenburuarekin jolasean, Dublinen behin bakarrik izan dela kontatu dio barrezka egunkari honi, eta inoiz egin duen bidaiarik “absurdoena” izan zela, joan-etorriko kontu bat. Irlandara ingelesa ikastera zihoan lagun baten alaba gazteari laguntzeko asmoz egin zuen bidaia, arratsalde batean joan eta hurrengo goizean itzuli.

Garmendiak ez bezala, bere pertsonaiak, Elenak, ondo baino hobeto ezagutzen du Dublin, bertan hiru urte eman dituelako. Aktoreak azaldu duenez, bere pertsonaiak etxetik alde egin zuen, gurasoek beste neska batekin musuka topatu zutenean.

Mireia Gabilondo eta Iñigo Aranburu sartu dira Elenaren gurasoen azalean; intentzio onenarekin ikasten ari dira, baina oraindik ere komentario “homofoboak” egiten dituzten pertsonak dira. Hiru urteren ostean, “onartu” dute Elenak neska-laguna duela eta, Gabonak aitzaki, berau aurkezteko Euskal Herrira gonbita egiten diete. Bada arazo bat ordea, Garmendiak an-tzezten duen pertsonaiaren bikotea asmatua da, ez da existitzen. “Nire pertsonaia gaztetatik ogi-mamitan hazitako neska bat da, baina, halere, aske maitatzeko eremua falta izan zaio etxean”, azaldu du aktoreak.

Iñigo Azpitartek egingo du nebaren papera. Banandu berri da, baina ez du onartu nahi. “Hori ere landu dugu. Nik neska-laguna ikusi egiten dut nire imajinazioan sortu dudalako, baina beste askok ez dute euren errealitatea ikusten muturraren aurrean edukita ere. Ikustearen eta ez ikustearen arteko borroka irudikatzen dugu antzezlanean”, azaldu du. l

Etiquetas
2023-01-06T09:09:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo