Gipuzkoa

Etorri berriei harrera integrala Hernanin

Lekuona zinegotzia, alkatea eta Jauregi teknikaria. | ARGAZKIA: N.G.

Harrera Bulego Integrala sortu du Hernaniko Udalak Hernanira bizitzera datozen herritar guztiei ahalik eta harrerarik onena emateko eta tramiteak errazteko helburuarekin.

Bulegoa Harrera Zerbitzuaren baitan dago kokatua eta Hernanira bizitzera etorritako pertsona guztiei zuzenduta dago. “Erroldatzera datozenei eskainiko zaie zerbitzua, baina baita ere erroldatzerik ez dutenentzat irekia da. Ez da, beraz, beharrezkoa herrian erroldatuta egotea zerbitzua jaso ahal izateko”, ohartarazi zuen atzoko aurkezpenean Irantzu Jauregik, Kulturartekotasun teknikariak

Martxoaren 21etik hasita, astearte eta ostiraletan egongo da zabalik 12.00etatik 14.00etara eta ostegunetan 15.00etatik 18.00etara. Hitzordu bidez ariko da eta hitzorduok Hernaniko Harrera Zerbitzuak emango ditu. “Zerbitzu berritzailea da, ez dago horrelakorik EAEn, eta, horregatik, ez dakigu oso ondo zenbat ordu beharko diren, zenbat jendek eskatuko duen... Ibilian-ibilian moldatuko dugu zerbitzua dauden beharretara”, gaineratu zuen Jauregik.

Teknikariak azpimarratu zuenez, “etorri berriei arreta osatuagoa eta pausatuagoa emateko helburuarekin” jaio da zerbitzua. Ohiko tramiteez gain, herrian lehen urratsak erraztu, herrian bizitza aktiboa egitera animatu, herritar berri bakoi-tzak dituen beharren araberako informazioa eman (norbere ezaugarriei egokitua) eta herriari buruzko galdera eta zalantzak argitu ahal izatea da asmoa”, aipatu zuen.

Gainera, Ongi etorri Hernanira! Baliabide Gida berritua aurkeztu du Udalak. Gida horrek herriaren aurkezpena eta bertan eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabide ezberdinen inguruko oinarrizko informazioa jasotzen ditu. Sei hizkuntzatan argitaratu du Udalak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz.

Xabier Lertxundi alkateak aditzera eman zuenez, “azken urteotan Hernanin biztanleriaren mugimendu handiak egon dira eta, hori ikusita, gure herrira datozenei ahalik eta harrera egokiena ematea jarri genuen erronka”. Duela hiru urte hasi ginen Harrera Protokoloa berritzeko lanean”, esan zuen.

Etiquetas
15/03/2023