Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko ETS Euskal Trenbide Sareak Gasteizko Alaba Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza proiektuaren idazketaren lizitazioa onetsi du. Oinarrizko aurrekontua 90.000 eurokoa da, eta egikaritze epea lau hilabete.
Jarduketa ETSk eta Gasteizko Udalak sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmen horren bidez, tranbiaren Legebiltzarreko geltokiaren eta Independentzia eta Bakea kaleen arteko bidegurutzearen arteko tartea sakon eraberritu nahi da, iragazkortasuna eta tranbiaren trazaduraren hiri integrazioa hobetzeko.
Hitzarmenaren zenbateko ekonomikoa ETSk jarriko dituen 2,5 milioi eurokoa da, eta proiektuaren idazketa eta obren gauzatzea hartzen ditu barne.
Lanen barruan, elementu guztiak tartearen egungo egoerarekin alderatuta sakonago integratuko dituen urbanizazioari ekiteko alternatiben azterlana egin behar da, zerbitzuak eta hiri altzariak birjartzea edo birkokatzea barne, kalearen iragazkortasuna hobetzeko eta tranbiak ematen duen garraio publikoaren eta ibilgailuen mugikortasunaren arteko bizikidetza sustatzeko.
Tranbiaren plataformaren zoladurarako soluzio berriak homogeneoa izan beharko du oro har, bai ezaugarri teknikoei bai estetikari dagokienez, behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko ditu, eta plataformaren gainetik doan ibilgailuen zirkulazio astunari behar bezala eutsi beharko dio.
Era berean, ibilgailuen trafikoak eta tranbiak partekatutako galtzadaren eta oinezkoentzako espaloiaren artean dagoen drainatze sistema hobetzeko aukerak aztertuko dira.