Polideportivo

Etxauriko harria altxatzeko prest

Aimar Irigoien, 2019ko edizioan. Argazkia: Iban Aguinaga

Igande honetan, eguerdiko 13.00etan, Alberto Lakosta Memoriala izenez ere ezagun den Etxauriko Harri Zaharraren Jasotze Txapelketaren 17. edizioa ospatuko dute berriro Etxaurin bertan. Pandemiaren ondorioz hiru urtez altxatu gabe egon ondoren, bost harri-jasotzaile lehiatuko dira saria nork eskuratuko: harriaren pisua ardo botiletan. Etxauriko Harriak 136,5 kg pisatzen dituenez, garaileak 136 botila irabaziko ditu.

Parte hartzaileak honako hauek izango dira: Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Madrilgo Sergi Mielgo, Goenatxo III azkoitiarra, eta Imanol Royo Lartain zarauztarra. Indarrean dagoen txapelduna, dagoeneko bost aldiz irabazle izandako Irigoien da. Lehiaketaren historiako jasoaldi errekorra ere Errezilgoak berak du, 2013an, 2015ean eta 2019ko azken edizioan lortutako 17 altxaldiko markarekin.

Harri-jasotzaileek bost minutu izango dituzte ahalik eta altxaldi gehien egiteko. Parte hartzeko hurrenkera zozketa bidez egingo da, eta, altxalditan berdinketa egonez gero, pisu gutxien duena izango da irabazlea, horrexegatik, lanean hasi aurretik kirolari bakoitza pisatu egingo dute.

Orain zazpi urte kirolari bat deskalifikatutakoan sortutako polemikaren ondoren, aldatu egin zuten araudia, eta gaur egun altxatzaile guztien eskuak aztertzen dituzte lanean hasi aurretik eta amaitu ondoren. Betiko legez, eskuak garbitu egin beharko dituzte lanean hasterako, eta, ezin izango dute inolako substantziarik erabili, ez eskuetan, ezta arropatan ere.

136 kiloko ofita-harri hori, apustuak egiteko erabiltzen zuten antzina herrian, ardo botilak jokatuz. Harria desagertu egin zen, ordea, eta 1999an berreskuratu egin zuten. 2005. urtean hasi ziren urteroko txapelketa antolatzen, naiz eta estreinakoz 2000. urtean altxatu zen, urte hartan hildako Alberto Lakosta Etxauriko Aizkolariaren omenaldian. Horrexegatik, 2005az geroztik, Alberto Lakosta Memoriala deitzen zaio txapelketari.

10/06/2022