Carmen Adarraga bera ezagutu zuen, duela urte asko, Garbiñe Etxeberriak eta bihar, Nesken Real Sociedadeko kirol zuzendaria denak hainbeste miresten duen emakumearen izena daraman saria jasoko du. Biak Hernanikoak eta biek ireki dute bidea atzetik datozen emakume kirolariei.
Etxeberria bizitza osoa darama futbolari lotua eta ibilbide aberatsa egin du kirol honetan: Real Sociedad nesken taldeko jokalaria izan zen, entrenatzailea eta egun kirol zuzendaria da. 1987an eta 1988an Erregina Kopa irabazi zuen eta 90/91 denboraldian Ligako txapeldun bilakatu zen. Entrenatzaile gisa ere, Realak Superligara igotzea lortu zuen, besteak beste.
Gipuzkoako Kale Nagusian Etxeberriarekin hitz egin dugu eta haren ibilbidean hainbat rol izan dituela kontatu digu. "Rol guztiak baloratzen ditut baina jokalariarena, zelaira ateratzea, guztietatik hoberena da". Urte hauetan guztietan izandako lorpenak ere errepasatu ditugu eta, aitortu du, momentuan ez zela jabetu egindako gauzen garrantziaz "baina orain gelditzen naizenean eta atzera begira jartzen naizenean ikusten dut zer nolakoak izan ziren lorpenak".
Bestalde, Real Sociedadeko neskek gizarte mailan duten papera ere azpimarratu du eta kromoak izango dituztela kontatu digu. Elkarrizketaren amaieran jokalari ohiak gograrazi digu zein garrantzitsua den aurreko emakumeek egindako gauzak ez ahaztea, izan direnaren arabera garelako gaur gu.
Sariaren banaketa bihar 19:00etan izango da Kirol Etxean.