Buscar
Actualidad

Etxebizitza Sailak eta Andoaingo Udalak herrian babespeko ehun bat etxe eraikitzeko hitzarmena sinatu dute

Alokairuko 96 BOE dira, eta Amakandida eta Agirialai eremuetan eraikiko dira
Akordioaren argazkia
Akordioaren argazkia

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak ostegunean sinatu dute herrian alokairuko babes sozialeko 96 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duen hitzarmena; horietako 80 Amakandida eremuan eraikiko dira eta beste 16 Agirialai eremuan, biak herriaren iparraldean. Eraikitzekoak diren 96 etxebizitza horiekin ia bikoiztu egingo da gaur egun herrian dagoen alokairuko etxebizitza-parke publikoa (% 93ko hazkundea); izan ere, Etxebizitza Sailak Alokabide bitartez kudeatzen ditu une hauetan bere jabetzakoak diren 103 etxebizitza.

Amakandiako sustapena eremu hori birgaitzeko planaren barruan egingo da, gaur egun industria-erabilerako eta bizitegi-erabilerako esparruetan baitago banatuta. Agirialai eremuan, gaur egun dagoen lurzoru urbanizagarrian egingo den garapenaren barruan, eremu horretarako aurreikusitako dentsitate baxuko eraikuntzaren ezaugarriei jarraituz egingo da eraikina. Etxebizitza Sailak guztira 15 milioi eurotik gora inbertituko ditu azpiegiturek, errekak eta mendiak markatzen duten eta etxebizitza babestuaren arloko jarduketak hartzen dituen Andoain iparraldeko esparruaren erabilera optimizatuko duten bi sustapenetan.

Bi sustapenak gauzatzeko epeen arabera, 2023an aurrera egingo da Amakandidako lurrak zatitzeko prozesuan eta bi lursailak dohainik lagatzeko eta eskrituratzeko izapideak sustatuko dira; aldi berean, proiektuak hasiko dira 2024an eta 2025ean, dena aurreikusita bezala joaten bada, Visesak lanen exekuzioa lizitatu ahal izan dezan.

Maider Lainez alkateak azaldu du hitzarmenak aukera emango duela “Andoainen etxebizitza babestu eskuragarria eraikitzeko apustu argia eta irmoa egiteko, modu horretan gaur egun daukagun zailtasun eta eskari handietako bati, etxebizitza beharrari, alegia, erantzuna emanez. Eskerrak eman nahi dizkiet sailburuari eta bere lantaldeari hitzarmen hau egia bihurtzeko egin duten ahaleginarengatik. Argi geratu da erakundeok elkarlanean eta lankidetzan aritzen garenean, gure herritarrak ateratzen direla irabazten”.

2023-03-31T16:56:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo