Actualidad

Etxetresna elektrikoen balio-bizitza optimoa aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateak

Ortzi Akizu-Gardoki, Carlos Alejandre eta Erlantz Lizundia.

Euskal Herriko Unibertsitateko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek etxetresna elektrikoen balio-bizitza optimoa aztertu egin dute, ingurumen inpaktuak murriztu ahal izateko.

Gaur egungo gizarteak energia asko kontsumitzen duenez, CO₂ emisioak murrizteko irtenbideak proposatzen dira, teknologia eraginkorragoak erabiliz. Baina, murriztu al daitezke ingurumen-inpaktuak erabilera-fasean? Zenbateraino dira zentzuzkoak etxetresna elektrikoak gailu berri eraginkorrago batzuez ordezkatzeko erabiltzen diren “renove planak”? Orain arte, ez da arreta handirik jarri berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko etxetresna elektrikoen funtzionamendu-aldi optimoaren azterketetan.

Hutsune hori betetzeko, UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek, Ekonomia Zirkularreko Masterraren eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren bidez, hiru etxetresna elektriko adierazgarriren (mikrouhinak, ontzi-garbigailua eta garbigailua) CO₂ inpaktu baliokidea aztertu dute bizi-ziklo osoan. Horretarako, fabrikazio-prozesua, ondoren etxetresna elektriko horien erabilera eta bizi-amaiera, desegitea eta birziklatzea barne, kontuan izan dira. “Inpaktu horiek murrizteko ingurumen-arrazoiengatik etxetresna elektriko berriak egungoez ordezkatzeko izan behar duten eraginkortasuna kalkulatu dugu hiru kasuetarako”, adierazi du Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

“Inpaktuak murrizteko jarraibide egokiak emateko, egungo egoera aztertu dugu, eta materialen eraginkortasunean, material birziklatuetan, energia berriztagarrietan eta kontsumo arduratsuan oinarritutako lau egoera hipotetikorekin alderatu dugu”, azaldu du Akizuk. Horrela, produktuaren fabrikazioan, erabileran eta bizi-amaieran izan daitezkeen inpaktuak kuantifikatu ahal izan ditugu, eta alternatiba eraginkorragoak baloratu ditugu.

“A” motako etxetresna elektriko berria versus energia berriztagarriak

“Egin dugun azterketa konparatiboan —dio Ortzi Akizuk— ikusi dugu erabilera-etapan kontsumitzen den elektrizitatea dela etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen eragile nagusia”. Gainera, ikusi dugu “Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzeak murriztu egin ditzaketela etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. Zehazki, CO₂ emisioak % 68 murriztu daitezke mikrouhin-labeen, % 76 ontzi-garbigailuen eta % 61 garbigailuen kasuan. Hobekuntza horiek erabilera-fasean energia berriztagarrien mix bat erabilita eta erabilera arduratsuaren ondorioz energia-kontsumoa % 10 murrizteari esker lortzen dira”, gehitu du UPV/EHUko ikertzaileak.

“Lortutako ingurumen-hobekuntzekin batera, etxetresna elektrikoen balio-bizitza luzatu egiten da energia-eraginkortasun handiko gailu berri batekin ordezkatu baino lehen”. Hain zuzen, erabilera-fasean % 100 energia berriztagarriak aplikatzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik etxetresna elektriko horiek “A” motako mikrouhin, ontzi-garbigailu eta garbigailu batez ordezkatzea bideragarria litzake soilik 24,4, 19,3 eta 28,5 urte igaro ondoren, hurrenez hurren”, adierazi du Akizuk. “Erabilera-fasean kontsumitutako energia % 10 murrizten bada kontsumo-jarraibide arduratsu batzuen ondorioz, denbora-tarte horiek 30,3 26,2 eta 33,9 urtera arte luzatzen dira, hurrenez hurren”, azpimarratu du Ortzi Akizuk.

Beraz, ikerketa honek egiaztatu du CO₂ emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko eraginkorragoa dela (ingurumenari dagokionez) energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen “renove planetan” baino. “Emaitza horiek guztiek ingurumenari dagokionez jasangarriak diren ekoizpen- eta kontsumo-ereduak sustatzen lagundu diezaiekete fabrikazioaren sektoreari, arduradun politikoei eta herritarrei”, dio Ortzi Akizuk.

01/08/2022